Asteon gorabehera ugari gertatu dira Espainiako Gorteetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen erabileraz. Iruzkin asko entzun dira. Espainiako Erresumako hedabide gehien-gehienetan Espainiaren irudi uniformizatzailea bakarrik adierazten dutenak izan dira nagusi. Hori ei da Espainiako Konstituzioaren 3.3 artikulua errespetatzeko duten modua. Izan ere, honelaxe dio artikulu horrek: “Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du”.
Alderdi horretatik, hizkuntza ofizial horiek erabiltzeko aukera ematea da modurik onena ordena konstituzionala oso-osoan betetzeko. Orduan, amorragarri suertatzen da hizkuntza horien erabilera galarazi ez ezik, hizkuntzok gutxietsi eta mespretxatzen dutela ikustea. Zelan eskatuko duzu zeurearekiko begirunea zuk besterena aintzat ere hartzen ez duzuenean? Horixe da amorragarria.
Hala ere, hori guztia amorragarria izanagatik, ez du euskararen etorkizuna agortzen. Bestela esanda: debekurik ez dagoen lekuetan, inork oztoporik jartzen ez duen lekuetan, berbetan dihardutenak euskaldunak badira, zergatik ez dute beti euskaraz egiten? Norbanakoen arteko harremanetan ez dago debekurik, ez dago araurik, euskararen erabilera oztopatzen edo galarazten duenik.
Ikuspegi horretatik, gogoan izan behar dugu Joxean Artzeren esaldi gogoangarri hau: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Lehenago ere, eremu ofizialetan debekatuta egonagatik, euskal herritarrek euskarari eutsi zioten euren artean berba eginez. Eta horrexegatik iraun du euskarak egundaino.
Betiere, erabilera ofizialak gorabehera, euskal herritarron eguneago hizkuntza euskara ez bada, orduan ez du luze iraungo. Hor dugu Irlandako alea. Gaelikoa ofiziala da ingelesa bezala, baina irlandarrek egunean baino egunean gutxiago erabiltzen dute, eta Unescoren arabera arriskuan dagoen hizkuntza da. Eta horixe da arduragarria.