Katuek zazpi bizitza dituztela esan ohi da. Eta erortzen badira, edonola izanda ere, beti tente geratzen direla. Guztiok dugu erretinan gordeta, katu-jaberen bat, bere katua literalki zitalki botatzen, eta harro-harro erakusten katuak nola ez duen minik egiten, tente erortzen dakielako.

Badira baita ere pertsonak, beti, tente erortzen direnak. Ez erori ondoren tentetzen direnak (horietakoak asko gara), baizik eta erori aurretik inguruko guztiei heltzen dietenak, esanez, ni erortzen banaiz, zu ere nirekin eroriko zara. Eta orduan, berdin dio pertsona-katuak zer egin duen, ingurukoek salbatzen baitute, beraiek ere, aldi berean, euren buruak salbatzen dituztelarik. Kontua da, egoera horretara heldu aurretik, elkarri zer nolako faboreak egin dizkioten, zer nolako zorrak elkarbanatu dituzten, katu-bizitzekin ordaindu beharra izateko. Zeren eta katu-bizitzak, ondotxo dakigunez, tranpa-bizitzak dira, saguari jartzen zaizkionak.

Katuari txintxarria nork jarri. Horixe afera.

Saguari eskatzen diogu, behin eta berriz, katuari aurre egin diezaion. Biktima sagua dela ager dezan. Saguak, ordea, bizitza bat bakarra dauka eta ezagutzen ditu katuaren gainontzeko katu-lagunak. Eta hauen tente erortzeko abilezia. Baita hauek saguak harrapatzeko erabiltzen dituzten trikimailu guztiak.

Saguak lagunak ditu bakarrik. Bizitza bakarreko lagunak. Eta ezkutalekutik ez ateratzeko aholkatzen diote, katua zain duela-eta, zulotik noiz aterako. Ateratzen bada eta katuak harrapatzen badu, gainontzeko katu guztiek bizitza bat gehiago irabaziko dutela. Elkarri zor bat gehiago gehituko diotela. Eta are eta zailagoa izango dela hauekin amaitzea, beti, tente erortzen direlako.

Harrigarria dena da, nola, gainontzeko animalia guztiok zer gertatzen den ikusten dugun eta katu tzarren bizitzak kontatzen segitzen dugun, ezer egin gabe, katuek euren artean zorpetuta bizitzeko sistemak eraiki ditzaten ahalbidetuz.

Saguaren zulotik ateratzeko balentria txalotzen darraigu, berdintasunaren izenean.