Berrogei urte. Bai, horiek guztiak iragan dira dagoeneko, baina egun hartan Bilbon izan ginenok fresko ditugu gure burmuinaren estratetan inpaktu hartako irudi ikaragarriak. Uholdeak izan ziren Bilbon 1983ko abuztuaren 26an, Aste Nagusiko azken ostiralean, dena festa eta giro alaia zen egun hartan. Eguraldi kaxkarra egun batzuk lehenago hasi zen, euria atertu gabe bota zuen aurreko orduetan, eta halako batean gure lurraldea ase egin zen, eta gainez egin zuen. Soberan zegoen ur guztiak Bizkaia ito zuen, bai eta bere hiriburu nagusia ere. Garai hartan Tanta Hotza izeneko fenomeno meteorologikoak ziren aski ezagunak, eta horrelako beste bat jasango genuelakoan geunden. Baina ez, iparretik etorri zen afrontuak talka egin zuen Afrikatik zetorren aire masa bero batekin, eta meteo-kolapsoa sortu zen.

Ordu gutxitan mendialdetik zetorren urak eta bertan bota zuenak batu egin ziren, eta ibaiek ezin izan zuten bolumen hura guztia garraiatu eta inguruetan triskantza hasi zen.

Gomutan dut aitarekin jaitsi nintzela alde zaharrera, Mallonako eskailetan behera. Unamuno plaza urpeturik zegoen jada, eta inguruko kaleetatik zetorren urak makina bat altzari, kaxa, bidoi eta bestelako elementu zekartzan flotatzen, astiro-astiro, inolako lotsarik gabe. Bertantxe geundenok isiltasun arraro batez jabetu ginen, laster zabalduko zen sarraskiaren seinale. Gauean, etxera ezin itzuli, eta Begoñako igogailu zaharraren ingurura hurbildu ginen. Bilbo erdia ilun zegoen, eta lehengo isiltasuna uholdeek itsasadarretik abiadura handian arrastaka zeramatzaten tamaina handiko kontainerrak udaletxeko zubiaren kontra kolpatzean sortzen zuten azantzak jan zuen. Beldurra sentitu nuen. Bilboko Kontsulatua izeneko itsasontzi bat porturaturik zegoen udaletxearen aurrean, eta han ikusten genuen, ur-masaren neurrigabeko indarraren kontra ahalegina eginez. Baina uraren arrastre-indarra izugarria izan zen eta amore eman zuen.

Hurrengo egunean, katastrofeaz jabetzeko eguna izan zen. Andre zaharrak negarrez urturik ditut gomutan, eta kale zikinak, modu groteskoan nahasturiko basatza, harri, eta hondakinez josirik. Hura hiriaren amaiera zela zirudien. Baina ekaitzak elkartasuna ere piztu zuen populuaren artean, eta hiria berpiztu zen. Hori duela 40 urte izan zen.