Asteko albisteetako bat izan da: Donostian, halako tabernan, ordubeteko ilarak eratu direla pintxoak jateko. Eta eskuak burura eraman ditugu. Burugabekeria iruditzen zaigu. Nola gorde dezake batek ilara ordu betez, Donostia guztia (alde zaharra behinik behin), pintxoak jateko tabernaz josita dagoenean? Zer dauka, bada, delako taberna horrek, jendeak horra (batez ere) joan nahi izateko? Hauek dira lehenbizi ateratzen zaizkigun galderak. Baina, ondokoak, beste hauek: zer dauka tipikotik edo naturaletik, tabernako barrara heldu, eta ilaran daukagun atzekoaren presiopean pintxo bat, edo bi, edo hiru aukeratu, ordaindu, platera hartu eta kalera joan behar baldin badugu jatera? Hor ikusten dugu jendea, kalean, platera eskuan, pintxoak esku bakarrarekin ezin janda... Hori al da, ba, tipikoa hemen?

Orain, leku orotan, “esperientzia” da bizi nahi duguna. Hori da, bederen, publizitateak eskaintzen diguna. Baina esperientzia horrek, benetako esperientzia izateko, originala izan beharko du, ezta?

Lisboara joan nintzenean, Belem-eko opiltxoak erostea erabaki nuen. Baina ez hiriko edozein dendatan. Baizik eta Belem auzokoan, originalean. Belem-eraino joan nintzen bada, lekua ezagutzera, eta opilak erostera. Saltokia berriztuta zegoen (espero nezakeen bezala). Baina ez nuen opiltxoa kafearekin edo txokolatearekin hartzeko aukerarik izan. Izan ere, lokalak jada ez zuen opilak barruan dastatzeko aukerarik eskaintzen. Modu antolatu batez, hiru ilara eratzen zituzten: opiltxoak hirunaka, seinaka edo dozenaka erosi ahal izateko. Mostradorera heltzen zinenean, ordaindu egin behar zenuen bakarrik.

Hura ikusi nuenean, xarma guztia galdu zuen opilak. Ez baitziren sortu ilara egin ostean eta kaxaka erosi ondoren, Belem dorrearen aurreko eskaileretan jateko.

Beraz, zer zentzu dauka, kalean, platerari eskuan ezin eutsita pintxo bat (edozein) jateak? Zer nolako esperientzia dela kontatuko du pintxoa tankera horretan jan duenak?

Bestetik, gogoratzen al dugu, guri, nondik eta noiztik datorkigun pintxoak jateko ohitura?