Aspaldi esana eta idatzia dut Tormesko itsu-mutila, xvi. mendeko espainiar liburu bikaina ez dela liburu izengabea edo anonimoa, ezpada kolektiboa. Bai, eta oraingoan eretia dut orduko baieztapena berresteko. Zergatik? Hona hemen azalpena.

Maiatzaren 29an Espainiako Gobernuko presidenteak deialdia egin zuen hauteskunde orokorrak uztailaren 23an egiteko, Espainiako Erresumako biztanleen erdiak oporretan zeudela. Eta hori egin zuen bere interes bereziengatik, ez, ostera, espainiarren interes orokorrengatik.

Itaun bat egin diot neure buruari: zenbatek zuritu behar izan zuen ezin joatea hautesmahaiak eratzera? Batek badaki. Beste jakin-nahi bat: isunik ipini ala ipiniko die ezer esan barik mahaiak eratzera joan ez zirenei? Hori bai kontu jakingarria!

Gaurko zutabea espainiar literaturaren ildotik landu nahi dut, halandaze, On Kixote Mantxakoa, Pedro Berrondo euskal idazle eta itzultzaile oiartzuarrak euskarara ekarri zuen moduan, ezin hona ekarri barik laga. Literatura-lan goren horretan Barataria uhartea irudizko mundua ageri da.

Eta nor ipintzen dute Barataria uharteko gobernatzaile? Bada, Santxo Panza. Ezin bestela izan. Kontua da, 50 bat urte ez zirela nahiko izan Espainiako orduko Erresumako ohiturak eta ekanduak aldatzeko. Itxuraz, beste 400 urte ez dira behar bestekoak izan, kontua aldatzeko.

Egin dezagun kontu Santxo Panzak, berari komeni zaiolako, hauteskundeetarako deialdia egin duela. Egin dezagun kontu hauteskundeok irabazi dituela, egin dezagun kontu gobernatzen jarraitzeko inoren laguntza behar duela, eta egin dezagun kontu iragartzen duela ez duela beste lanik egingo gobernua osatzeko… harik eta oporretatik itzuli arte.

Santxo Panzak Barataria uhartean egin zuen legez, Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteak egin du: inoren oporrak hondatu (“izorrai” esaten da Gipuzkoan), beharrak egin barik laga, eta, ostean, bera joan da oporretan. Ez dakigu “Caraculiambro” erraldoiaren parekoa eroango duen berari koipea emateko.