Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Bera eta ni

Mikrofono aurrean paratu gaituzte bera eta ni. Idazleak biok. Graduko ikasleak aurrean. Baina literaturaz baino areago hitz egin dugu gure bizitzaz. Gure ibilbideaz. Bera eta ni batzen gaituzten arrazoiez. Adiskidetasunaz. Gauza ororen gainetik, bestea entzuteko gogoa izan dela gure artekoa, bestea errespetatuz, bestearen ideiak entzun, aintzat hartu eta elkarrekin haztekoa. Egun guztia deliberatzen pasatzen genuela, “a morir” esan du berak. Nik, egunero lotaratzen nintzela pentsatuz, hurrengo egunean zer planteatu behar nion, zer nolako argudioak emango nizkion… dialektika intelektualak irabazi zezan.

Galdetu ziguten ikastolako eta institutuko garaiez zer gogoratzen genuen. Nik bi garai bereizten nituela erantzun nuen: ikastolakoa, zeinetan pertsona egin ginen; eta institutukoa, zeinetan, bakoitzak bere bidea aukeratu zuen. Nork bere ekintzaile izateko modua. Baina ikastolak hiru gauza grabatu zituela nire baitan. Bata, euskara: euskara batua zela euskal herritar guztion hizkuntza, elkarrekin harremanetan jartzeko baliatu beharko genuena eta gure belaunaldia zela hizkuntza amankomuneko hura eraikiko zuena. Bestea, konpromisoa: eraikitzear zegoen herri eta gizarte berri bateko katebegi garrantzitsua izango ginela eta gure esku zegoela etorkizuna. Eta azkenik, askatasuna: izaki askeak ginela oroz gain. Ondotik, guk hezkuntza sistematik jaso genuen zer ez ote duten gaurko ikasleek galdetu ziguten. Eta nire erantzuna izan zen, gaurkoek ez dutela sinisten, geroaren katebegi garrantzitsu bat direnik; ez dutela ikusten euskararen etorkizuna direnik; eta ez dutela sentitzen zerbaiten eraikuntzako partaide direnik.

Erantzunok ezin dira eman bi garai ezberdin konparatzeko asmotan, garai bakoitzak bere ezaugarriak baititu eta ezaugarri horiek gabe ezin baita zer falta edo zer dagoen sobera esan. Baina berak eta nik, ume-umetan bezala ulertu genuen elkar. Berak eta nik ibilbide berbera egingo genukeela esango nuke, berriro ere ikastolan sartuko bagina. Berak eta nik, badakigu bakoitza non dagoen, eta marra gorria pasatu gabe (bizikidetzaren legea), bagara elkarrekin eraikitzeko gai. Eta eraiki dugu. l