Duela egun batzuk albiste ona jaso genuen euskaldunok, euskara maite dugunok, eta areago Xiberoko hizkuntzarekin maitemindurik gaudenok. Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak, Zuberoan, 1887. urtetik 1914. urtera argitaratu ziren Armanak Üskara edo Ziberouko Egunaria aldizkariaren ale guztiak denen eskura jarri dituzte. Orain, Euskaltzaindiaren webgunean aztertu daitezke.

Hortxe murgildu nintzen lerro zaharrak irakurtzeko grinaz, eta betiko legez, kontu bitxiak topatu nituen. Hala, 1899ko ale batean, hauxe dator izkiriaturik: “Munduko bazter guzietan ezaguturik da Uskal Herriaren izena. Jakintsiek dioenaz ezta nihun ere goure mintzo eder eta gozoa beno zaharragorik. (…) Bena orain artino bezala irañen dugia bethi? Ez othe zaizkia arrotzak emeki emeki sartzen goure mugetan? Ez othe da ere goure mintzo ederra ezabatzen ari, españoula aldebatetik, frantzimanta bestaldetik naoutsitzera eitziz?”.

Ehun urte baino gehiago iragan dira eta kezka berdina dugu egungo euskaldunok. Duela gutxi Frantziako Hezkuntza Ministerioak brebetako zientzietako ikasleek azterketa euskaraz egin ahalko dutela jakinarazi du. Azkenean!!! Eta hein batean harrigarria da, ikasgai guztiak euskaraz egin dituzte, eta halarik ere, frantsesez eman behar dituzte hartutako ezagutzak. Egoera horren aurrean desobedientziara jo zuten ikasleek, eta azkenean, euskara frantsesa baino gehiago dela nabarmendu da. Halabaina, euskararen defentsak ez du amaierarik eta baxoa euskaraz ere pasatzeko aldarriak tinko segitzen du.

Euskararen unibertsoa hika-mika askotakoa da. VII. Inkesta Soziolinguistikoak gure hizkuntzaren gaineko azken datuak haizatu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak hobekuntza etengabea izan dela nabarmendu duen arren badira mila kontuk erabat baikorrak izatea ukatzen dutenak. Ezagutza igotzen ari den gisa berean, erabilerak ere izan du gorakada, eta oro har, gure gizartea euskararen gero eta aldekoagoa omen da.

Baina egia da, “inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den. Hobe nuela hautazea munduko hiritar izatea”.