Efemerideak oso modu ezberdinean gogoratzen dira, delako data horretan gertaturikoan parte izan zaren edo ez. Egoera iraultzeko zerbait egiterik izan zenuen edo ez.

Tristuraz gogoratzen dut Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Suposatu zuenagatik eta arrazoi gabekeriaren tamainagatik. Zutabegile nintzen, orduan, euskaraz argitaratzen zen euskarazko egunkari bakarrean ere. Baina itxi zutenean, ez nuen ezer egiterik izan. Gogoratzen dut erredakziotik deitu zidatela, egunkari berriaren sorreran parte hartzeko. Eta oraindik min dagit ezin nuela adierazi behar izan nielako. Min dagit, bestaldean, telefonoa zein bizkor eskegi zen gogora ekartzeak. Hirugarrenaz erditu berri nintzen.

Mundu honi aurre egiteko txikiegi etorri zela adierazi zigun medikuak jaio ez beste, eta erabaki ona izan zela alaba denboraz aurretik munduratzeko erabakia hartu izana, amaren sabelean, jada, hazteari utzita baitzegoen.

Lanez mukuru aritu nintzen haurdunaldi osoan, batez ere, azken hilabeteetan. Euskal Idazleen Elkarteak euskal literatura erbesteratzeko programa berezi bat jarri zuen abian. Helburua, urtero, sistematikoki, erdaretara (frantsesera, italierara, alemanierara, finlandierara eta errusierara) euskal literaturaren azken uztako liburuak itzultzeko programa lantzea zen. Eta hara eta hona bidaiatzea eskatu zigun, gelditu gabe. Bizitzan behin bakarrik gertatuko dela dirudizun egiteko horietakoa zen. Momentua harrapatu behar duzula dirudizunekoa. Ia-ia hil ala bizikoa euskal kulturgintzan.

Hil ala bizikoa, ordea, sabelean neramana zen, eta ni, itsu.

Euskaldunon Egunkariaren itxiera, beraz, tristura handiz gogoratzen dut. Bai herritar bezala, bai kazetari gisa, eta baita norbanako eta ama lez ere.

Efemeride hau gogoratzean, nahiago izaten dut pentsatzea, euskal literaturaren itzulpengintzak aurrerapauso izugarriak eman dituela azken 20 urte hauetan, Berria aurreko proiektua baino sendoagoa dela orain, eta alabak badakiela damu naizela. Urtero gogoratzen dudan(gun) zerbait da.