Erakusleiho soziologiko ezin hobea den First Dates programaren bideo bat dabil sareetan aste honetan. Mansplaining perfektu baten tutoriala ematen du. Gizonak harro aitortzen dio emakumeari bera “fitness mundutik” datorrela eta neskak Medikuntza ikasketak egin dituen arren, eta ospitale batean lan egiten duen arren, gizonak lezioa eman nahi dio giza gorputzari buruz sekulako harrotasun eta nagusitasunarekin.

Emakume askok ziztada sentitu dugu gizonak emakumeari hitz egiteko duen moduagatik, emakumea une oro azterketa baten aurrean jartzeagatik, bere ezagutza zalantzan jartzeko duen moduagatik. Noizbehinka galdera egin eta emakumeak erantzutean berak “oso ondo” esaten dio, irakaslea balitz bezala, gaian benetako aditua bera balitz bezala, eta ez Medikuntza ikasten orduak egin dituen emakumea. Eta min egin digu, ia emakume guztiok bizi izan ditugulako antzeko egoerak, agian ez hain nabariak, baina intentzio karga berdinarekin.

Rebecca Solnitek “Men explain things to me” liburu ezagunean kontatzen duena bizi izan dugu denok inoiz. Niri, adibidez, Solnitek berak liburuan kontatzen duen pasadizo baten antzeko zerbait gertatu zait. Gizon batek behin ukatu egin zizkidan neure liburuari buruz eman nituen azalpenak. Ez zen mugatu ber e iritzia ematera, saiatu zen ni konbentzitzen guztiz okertuta nengoela, ez nuela oso ondo ulertzen zer esan nahi nuen nire liburuan. Eskerrak bera agertu eta kontatu zidan. Dena modu adeitsu baina paternalista batean. Jasangaitza egin zitzaidan irribarre erdiarekin.

Gimnasioko tipoaren jarrerak min egiten digu emakume gehienok bizi izan dugulako egoera hori: berak baino hobeto ezagutzen dugun errealitate bati buruzko lezioa eman nahi izan digula gizon batek.

Ez da kasualitatea gizonak une batean kamerari aitortzea neska ez zaiola gustatzen, besteak beste, fisikoki altua delako, bera baino altuagoa. Azken finean, dena baita altuera kontu bat, beti norbera gorago sentitzearen beharra.