Síguenos en redes sociales:

Bi errealitate?

Larunbatean Kutxa-Donostia Hiria literatura sariak eman ziren. Aurtengo edizioan, ohiko sariez gain, ibilbidea eta ekarpena ikusarazten dituen saria ere eman zuten, omendua, Arantxa Urretabizkaia izan zelarik. Idazleari egindako gorazarrean, ibilbide literarioaz gain, bere idatzien bidez ikusezinak diren errealitateak azalera ekarri izana goraipatu zen. Eta sariaren harira egin dioten elkarrizketan Arantxak behin berriro, ikusezina den errealitate hau azaleratu du: asko molestatzen diola ikusteak nola zaharrak erabakiguneetatik kanpo uzten diren. 

Entzuna nion ideia hori aurretik ere baina oraingoan kolpatu egin ninduen esaldiak zeren eta juxtu ostiralean, laneko mahai-inguru batean, gazteengandik beste hau entzutea egokitu zitzaidalako: gazteak erabaki eta hausnarguneetatik kanpora daudela. Gazteek hau esan ez beste, eztabaida berotu  egin zen, gure mahaian denetarik baitzegoen: bai 70 urtetik gorakoak, bai 40 urtetik beherakoak eta, noski, tartekoak. Eta nagusiek, Arantxaren hari beretik, erretreta hartu ondoren, ez dutela balio sentiarazten zaiela adierazi zuten. Ez eta hausnarrerako ere, beraiekin kontatzea, zaharruno itxura ematea delako. Gazteek, bestalde, erreleborik ez dela nahi adierazten zuten. Beranduegi denean pentsatzen eta prestatzen direla erreleboak. Konfiantza falta erakusten zaiela eta ahalmenik ez balute bezala tratatuak sentitzen direla.

Laneko jardun horretan, gazte batek, Eusko Ikaskuntza izan zuen hizpide. Eusko Ikaskuntzak “nahasketa hori” (horrela deitu zion berak) oso ondo egiten duela adieraziz. Bere hausnarketa-prozesuetan adin guztietako jendeak parte hartzea lortzen duela esan zuen, “gazteekin oso ondo ari dira” azkenduz. Pozarren jaso nuen iruzkina, Eusko Ikaskuntzan belaunaldi ezberdinetako pertsonek elkarrekin behar dutela sinisten dugulako eta guztien ekarpenak direla beharrezko, inolako bazterkeriarik gabe eta, bide batez, ahotsa emanez. Adinekoen eskarmentua eta gazteen berrikuntza baliatuz. Eta baita alderantziz ere. Adinak ez baitu pertsona baten ekarpen-maila zedarritzen.