BARRIONUEVOEspainiako barne-ministro ohiaren azken elkarrizketa mingarriarekin ohartu dira batzuk egindako kaltea aitortzearen garrantziaz. “¡Secuestrad a Larretxea!” aginduak “¡ETA, mátalos!” hura gogorarazi digu hainbati, estatuaren baliabideekin egindako delituak izatearen larrigarriaz. Espainiako hedabideetan hain asaldura txikia eragin duten adierazpen higuingarri horiek, Memoriaren Egunaren ingurumariek, Imanol kantariaren heriotzaren urteurreneko zirrarek... sentipen-koktel nahasgarria eragin didate, eta Gesto por la paz / Bakearen Aldeko Koordinakundearen historiari buruzko dokumentalak eman dio azken astindua koktelari. Atzo ikusi dut Xuban Intxaustiren lana, eta arrailduta utzi nau.

Maisu eta adiskide min izan nuen batek kontatu zidan behin anaia mendira joan zela, erabat zahartutako zakurrari tiro bat emateko asmoz. Ordu erdi baten buruan zakurra bizirik zela itzuli omen zen, tiroa emateko gai izan ez-eta: “Begietara begiratzen baitzidan!”. Horixe egin zuen Gestok, indarkeriari –hiltzaileei, bahitzaileei, estortsiogileei, torturatzaileei...– begietara begiratu; giza-eskubideen urraketa guztiak salatu; biktimei arnasa eman. Bazekiten keinu soil horrek, “bakea zergatik ez?”, zioen pankarta baten atzean jartze hutsak, beraiek ere jomugan paratzen zituela. Pankartak eskutik kendu eta ia sudurra sudurrarekin ukitzeraino hurbiltzen zitzaizkien, mehatxuka, oihuka. Baina ez zuten etsi, begiradari eutsi egin zioten. Haien ereduak erakutsi digu ez dagoela kantarik, bertsorik edo garrasirik isil-isilik aurrean jartzen zaizunaren soa bezain ozenik eta eraginkorrik. Ahots dardartiz, barnea aztoraturik, bihoakie nire aitortza, esker ona eta miresmena. l