BATZUETAN pentsatzen dut ez naizela mundu errealean bizi, burbuila batean baizik. Inguru guztiz euskaldunean sortu nintzen, 10.000 biztanletik gorako herririk euskaldunenean; euskaraz ez zekien lagun bat bera ere ez genuen, ez zekienik ia inor ez baitzegoen; bestalde, euskaraz eta euskal ikuspegitik ikasteko zoria izan zuen lehen belaunaldiko kide naiz. Azken bi hamarkadak, ostera, 20.000 bizilagun baino gehiagoko herririk euskaldunenean daramatzagu. Soziolinguistika Klusterrak ostegunean jakinarazitako datuen arabera, euskararen kale-erabilerak goranzko joerari eusten dio Zarautzen. Hamarren batzuen kontua da, baina gorantz. Gainera, zarauztarron benetako argazkian are ederrago agertuko ginatekeela uste dut, daturik apalenak malekoian eta alde zaharrean neurtu baitituzte, gunerik turistikoenetan. Gu bizi garen auzoan izan da igoerarik aipagarriena, 10,2 puntukoa hamar urtean: kaleko elkarrizketen %74,1 euskaraz. Datuen beheranzko joera orokorrak ilundu gaituen honetan, pozgarri da zenbait leku garrantzitsu eusten ari direla egiaztatzea, baina ñabardura ugari egin beharko lirateke haietan ere.

Baten batek pentsatuko du burbuila barnetik ostadar koloreko ikusten dela mundua. Anpuluaren geruza uhinduak ikuspegia distortsionatu ere egin dezake, handik inoiz gutxitan irteten denarena bereziki. Azken asteotan Azkoitian izan naiz, Azpeitian, Deban, Orion, Usurbilen, Adunan, Tolosan, Lekunberrin... baina baita Zallan, Zumarragan, Urdiñarben, Lapuebla de Labarcan, Guardian, Donostian, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Tafallan eta beste zenbait inguru nabarretan ere. Inoiz eta inon sumatu dut neure burua erabat arrotz zaidan errealitate kultural batean harrapaturik, Burgoskotik hurbilxko datekeen hizkuntza-paisaian galdurik edo gainbehera doakeen herri-nortasunaren lausotan gogotxarturik. Alabaina, denetan aurkitu dut barnea eztitu didan liliren bat, baita belardi ederrik ere duela hamarkada batzuk lur idorra zen lekuetan. Ereintzan, ongarritzen eta ureztatzen diharduten herrikide horiei, tinkaldi bat. l