6:40tan esnatu da Ainhoa iratzargailuaren soinuarekin: Pipipi pipipi. Esnea mikrouhinean sartu eta kafea prestatu du. 35 segundo pasata, mikrouhinak abisatu dio esnea prest dagoela: Pipipi. Banoa, erantzun dio, irratia jarri eta hozkailua irekitzen duen bitartean. Kafea irteten hasi eta itzaltzera doanean, hozkailuak atea irekita utzi duela ohartarazi dio: Pipipi. Baietz. Dilistak sutan jarri eta dutxarantz abiatu da, bidean irratiko ordu-seinaleak entzun bitartean: Pi-pi-pi. Zazpirak. Dutxatik irtetean, senarraren iratzargailua. Jantzi bitartean, sukaldetik eltzearen txistua entzuten du. Piiiiii. Ai, dilistak. Banoa. Bide batez, garbigailua jarri du.

Senarra sukaldean agertu eta begira gelditu zaio, zerbaiten zain bezala. Ez daki zer den baina ez dauka denborarik. Hitz egingo dugu eguerdian, esan dio, eta etxetik irten da. Kotxea hartu, atzera egin, eta pipipi batek ohartarazi dio gehiegi hurbiltzen ari dela atzean duen autora. Baietz ba. Bidean, poltsan duen mugikorraren jakinarazpenak entzun ditu pipi, pipi. Gero begiratuko ditu. Bulegoan, ordenagailuko pantailan jakinarazpen bat agertu zaio, plin, bilera bat duzu, eta beste bat, plin, dentistari deitu behar diozu. Eta halako batean bi telefonoak, mugikorra eta finkoa, hasi dira zalapartaka aldi berean.

Etxera bazkaltzera bueltatu eta beste abisu bat: piiii. Garbigailuak bere lan amaitu du. Ireki du eta eseri egin da une batez arnasa hartzeko. Zorabiatu egin da, urduri dago. Orduan, telefonoko jakinarazpenei begiratu eta ikusi du: Gaur bere ezkontzaren urteurrena da. Ahaztuta zeukan.

Une horretan senarra etxera iristen ari da. Opari bat darama eskuetan. Sorpresa bat eman nahi dio. Ainhoak gaur goizean ez du gogoratu zein egun den, azken aldian urduri ta despistatua dabil, baina opariak dena gogoratzen lagunduko dio: Erloju adimendun horietako da, aldiro gogorarazten dizuna zenbat pauso eman dituzun egunean, zenbat pultsazio dituzun, denbora gehiegi egin duzula eserita, zure ezkontzako urteurrena dela… Ainhoak horrelako bat behar du eta, ziur da, izugarri gustatuko zaio. l