Aktorea da. Australiarra. Eta Kirmen Uriberen poema batek inspiratu duela esan du Lydia Tár konpositore eta orkestra zuzendariaren gaineko filma egiteko. Eta harritu egin gaitu azalpenak. Komunikabide gehientsuenetan albiste izan da iruzkina. Eta detaile guztiak eman dizkigute. “Udako gau epela” dela Cate Blanchett-ek irakurritako poema, Elizabeth Macklin-ek itzuli zuela, The Paris Review-n argitaratu zela, Kirmen Uribe sorpresaz harrapatu duela gertakariak…

Pozgarria da, bai, euskaraz idatzitako poema bat munduaz bestaldean jaiotako aktore baten eskuetan esanguratsu bilakatu izana. Baina galderak baizik ez zaizkit sortzen gertakizuna aztertzean.

Zergatik jartzen dugu balioan euskara, eta kasu honetan euskaraz idatzitako literatura, kanpoko norbaitek aintzatesten duenean? Kirmen Uribe ez da atzokoa. “17 segundo” poema liburua ere (zeinetan jasotzen den “Udako gau epela” poema) 2019koa da. Dabordutik, zenbatek irakurri eta hitz egin dugu Kirmenen liburuaz? Zenbat inspiratu gaitu gu poemak?

Ezin dut ekidin, ezta ere, albiste hau aurtengo Euskadi Sarien berri eman duen albistearekin erkatzea. Haur eta Gazte saria Leire Bilbaok eskuratu du. Ba al zenekiten Kirmen Uribe eta Leire Bilbao ondarroarrak direla biak ala biak? Eta aurreko aste honetan biak, literatura estakuru, albiste izan direla? Kointzidentzia da ala bi egile hauek Ondarroa hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digute? Mundu ikuskera bera ote dute?

Ez zait gehiegi axola Cate Blanchett-ek egin duen irakurketa. Irakurle bat gehiago baino ez baita. Galdetzen dudana da, zenbat Cate Blanchett behar ditugun esku artean dugun literaturaz eta sortzaileez gozatzeko eta hitz egiteko. Eta titularretara heltzen direnean ere, zenbateraino uzten diegun belarrira hitz egin diezaguten, inspiratu gaitzaten. Galdera da horrelako titularrak zergatik ez diren guregandik eta guregan sortzen; poema irakurri dugulako, poemak mugitu gaituelako, idazleak zerbait esan digulako…

Hala egingo bagenu, Cate Blanchett ere ulertuko genuke, apika.