ASPALDITXO aspaldiko lagun, adiskide on eta Eusko Jaurlaritzan nire Sailburu-ohi zorrotz bezain guztiz estimatuak, Nuriak, mezu bat bidali zidan Eki Fundazioak Donostiako Aquariumen dokumental eta bideo bat botatzekotan zegoela Irailaren 16an. Ez dakit ziur Zumaitik edota Liberia bertatik, umetxo beltx guztiz irribarretsuz inguratuta, idatzi zidan. Alex Txikon protagonista, mendizale trebe eta ausarta, argazki ederrenetan ederrenak. Txikonen hitzak, mezuak, solasaldiak hunkigarriak. Zin dagit bideoa eta dokumentalaren amaieran nire burua, bihotza ere, ukitua eta hunkituta zegoela. Gizatasuna, solidaritatea, eskuzabaltasuna, minberatasuna, hurbiltasun emozionala, pertsona zaurgarriekiko konpromiso askea. Eki Fundazioaren lanen aurkezpena munduan zehar. Eki Fundazioaren xedea hezkuntza eta osasun zentroei zein interes soziala dutenei elektrizitate sarbidea bermatzea da. Berritzailea den eredu bat garatu du Saharaz-hegoaldeko Afrikako herrialdetan eguzki energia fotovoltaiko sistemak (eguzki panelak) finantzatu eta hornitzeko, interes gabeko eta epe luzerako finantziazioa eskainiz. Afrikan, ez hor bakarrik (Nepal, Pakistan, India e.a.), Lanbide Heziketa bultzatzeko lan ildo berriari ere ekin dio. Ekik, Getxon du bere egoitza, 2017an sortua, Solapark enpresaren eskutik, eta esandakoa, garapen bidean dauden herrialdetako ikastetxe eta osasun lekuak ditu helburu, NBEaren garapen iraunkorreko helburuekin lerrokatuz. Gaur egun arte, Ekik 20 instalaziotik gora jarri ditu handik eta hemendik. Ekik Fundazioaren lanaren bidez hornitutako lekuetako kideen eginkizuna erraztu eta bultzatzen du. Laburtuz, Eki Fundazioaren etengabeko konpromisoak pertsonen bizitza kalitatea hobetzen du: argia, energia eta elektrizitatea, bihotzaren taupada bera baita. Laguntza beharra, Amigo de Eki, Ekiren Amigoren bila dabilzkigu. Eta bizitzaren txirinbueltak: Eki dut nire hirugarren biloba eta Amigo bere lehen abizena. Maite dut, maite, Eki Amigo Bujanda, Nuria ere, eta Fundazioa. Hirurak.