Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Urraketak

Urtero ehunka kexa jartzen dira euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen kontra egindako errespeturik gabeko ekintzengatik. Geure egunorokoan nahi dugun hizkuntzan aritzeko oztopoak handiak dira, eta gizarte segmentu askorengandik destainazko keinuak anitzak.

Gaur egungo esparrurik aipatuena osasungintza da, eta koronabirusaren krisiak bigarren maila batean utzi du zein hizkuntzatan artatu behar den gaixoa. Oraindik, hainbat espezialista ez dira euskaldunak, eta nekez eman daiteke kalitatezko zerbitzua hemengo hizkuntza menperatzen ez bada.

Pandemiak ekarri duen beste giro bat beldurrarena izan da. Gaixotasunaren indarraren inkognitak zein gaixo kutsatuek beldurra ematen digute, bai eta konfinamendua bermatzeko kaleetatik dabiltzan poliziek ere. Azken horiek, nekez onartzen dute gaztelania ez den beste hizkuntza bat. Ezagunak dira -Mozal legea aplikatuz- euskara erabili nahi izateagatik ezarri diren isunak, edota hiztun euskaldun horiek pairatu behar izan dituzten ondorioak.

Behatokiak bere txostenean ere aipatzen du turismoaren mesedetarako egiten diren hizkuntz korapiloak, beti ere hizkuntza hegemonikoaren alde eta euskara mesprezatuz. Modu naturalean entzungo ditugu ingelesezko berbak bertokoa den zerbait aitatzeko.Turismoak dirua dakar, baina bertoko bezeroak gutxiesten dira.

Nafarroan, eskuineko alderdiak euskararen kontrako kanpaina jarraituan tematurik dira, arrazoizko ekarpenik egin gabe, baina oldarkor, gaur egun, bertako ikasleentzat hezkuntza euskaraz jasotzea ia ezinezkoa denean. Eta Ipar Euskal Herrian egoera are larriagoa da. Gelditzen zaiguna geure mihia da, guztion eskua eta indarra. "Jendarte demokratikoa, berdinzale, justu, osasuntsu eta errespetuan oinarritutakoa nahi badugu, oinarrizko eskubideak uneoro mantendu behar dira lehen lerroan".