Ispilu neuronak
ZIENTIFIKO italiar batzuk ispilu neuronak aurkitu zituzten ausaz duela urte ba-tzuk. Ispilu neuronek aurrean ikusten duguna -demagun esku bat pilota bat hartzen- garunean irudikarazten digute, hainbeste, esperimentuan aztertuaren eskuko giharrak mugi-tzen ziren nahigabean.
Neurologoek ispilu neuronen bidez besteak sentitzen duena irudikatu ahal omen dugu, eta, ondorioz, enpatia sentitzen omen dugu, alegia, harekin halako bat egite bat.
Ez neurologoek ez psikologoek ez digute esperimentuaren bidez argi-tzen zergatik sentitzen dugun enpatia gehiago batzuekiko besteekiko bainoago. Ez eta enpatia horrek mugaren bat baduen, ala, amodio eroren moduan -ispilu neuronak izaki omen amodioaren oinarri- dena sentitzeko gauza garen, edo sentitutakoari jarraiki, emateko ere prest gauden.
Zergatik dugu enpatia handiagoa gure berdinekiko? Areago sentitzen dugu hegazkinaren istripu lazgarria, ezen Yemenen meskita baten kontra egindako atentatua? Kontzientziak narratiba koherenteak maite dituenez, ildo horretatik aldentzen den edozerk -pilotuaren ezusteko erabakiak- areago sentiarazten digu? Ispilu neuronek ez diete PPko gobernuari atxiloketak nolanahi eta zigor moduan egiteko enpatiarik sortzen? Eraileak nola irudikatzen du eraila hil aurretik?
Zientziak ez du inoiz politika eta soziologia erabat azalduko. Gure berdinak maiatatzenago ditugu desberdin egiten zaizkigunak baino. Gertukoak, urrutikoak bainoago. Lagunak, etsaiak bainoago. Kideak, arro-tzak bainoago. Eta, oro har, narratiba bat -gure iritziz koherenteki osaturik- duten gertakariek absurdoak baino askoz gehiago.
Alegia, ispilu neuronek enpatiaren oinarria direlakoa onarturik, hortik aurrerakoa ohi bezala soziologiaren zaku nahasian erortzen dela, hau da, pobre-aberats, zuri-beltz, emakume-gizon, heterosexual-homosexual, mendebaldeko-ez mendebaldeko ardatzen inguruan jiratzen duela.
Homo homini lupus zaharra, hitz batean. Eta horretarako ez zegoen hainbeste berriketa frogatu beharrik. Zientziak, beste askotan bezala, umezurtz uzten gaitu.