IZANDIARENGANAKO maitasuna". Modu horretara definitu du "filantropia" Euskaltzaindiaren hiztegiak. Bada, maitasun horrek eraginda, oraintsu, Gabonen aurretik, azkeneko urteetan gertatu antzera, EITB Maratoia izan dugu. Aurtengo helburua izan da Covid-19aren inguruan ikerketa bultzatzeko diru-laguntza ematea. Modu horretara norbanakoek zein elkarteek dohaintzak egin dituzte. Badira ekintza hori kritikatu ohi dutenak, ulertzeagatik Administrazio publikoen ardura dela gaixotasunei edo kasuan kasuko gizarte-premiei aurre egiteko behar beste diru jartzea aurrekontuetan.

Bide bertsutik, zenbaitek kritikatzen dute enpresaburu batzuek dohaintzak egitea, konparazio baterako, ospitaleei. Halatan, zalaparta handia eragin zuen Amancio Ortega Fundazioak 2017an Osakidetzari 14 milioi euro eman izanak, minbiziaren aurkako ekipamenduak erosteko.

Covid-19aren ondorioz ere ikusi ditugu halako dohaintzak. Adibidez, Gernikako Maier kooperatibak milaka pantaila babesle eman dizkie, besteak beste, zahar-egoitzei eta APNABIri.

Labur-zurrean esanda, enpresa, erakunde zein norbanakoek gero eta gehiago jotzen dute dohaintzetara, filantropia gauzatuz. Gainera, filantropiaren norainokoa ez da tokian tokiko ekintzetara mugatzen; izan ere, nazioarte mailako filantropia ere badago. Horretarako arrazoiak askotarikoak izan daitezke: osasuna, txirotasuna, ingurumena€

Egia esan, filantropia ez da oraingoa. Betidanik gauzatu izan da, baita gure artean ere.

Kristautasunak bultzatutako ongintzaren bidez gauzatu zen mende luzez, harik eta ongintza sekularizatu eta laguntza bihurtu zenera arte. Orduan, laguntza hori, gehienbat, herri-administrazioek hartu zuten euren gain, laguntza publiko edo gizarte-laguntza bezala. Baina ezin uka daiteke laguntza pribatuaren garrantzia. Are gehiago, sarritan elkarren osagarri izan dira laguntza publikoa zein pribatua. Hori berori erakusten digu gure historiak.

Hartara, ongintzak pisu handia izan du gurean. Bada, sarritan parrokoak izaten ziren auzo eta herrietan hurkoarekiko laguntza antolatzen zutenak. Esate baterako, nekazari-tzaren esparruan, ohitura zen igande arratsaldeetan auzokideek lantzea gaixorik zeudenen lurrak, parrokoaren deia jaso eta gero. Beste horrenbeste gertatzen zen beste edozein ezbeharren batengatik zereginak atzeratuta zituztenekin.

Beren-beregi txiroei begira bazeuden lagun-tza-izaerako hainbat ohitura ere. Horietarik deigarriena, langabeziaren aurkako neurri gisa har daitekeena, hauxe: herri edo auzoko etxe bakoitzak egun baterako hartzen zuen delako txiroa, familiako beste bat izango balitz bezala, eguneroko zereginetan aritzeko, egun horretako mantenuaren truke. Era berean, edozenbat udalerritako Ordenantzek txiroekiko karitatea agintzen zuten.

Laguntza pribatuari erreparatuz gero, askotarikoak dira han-hemenka ongileek egiten zituzten ekarpenak, hala nola, mairuen eskuetan gatibu zeuden euskaldunak askatzeko, ospitaleak zabaltzeko eta txiroen mesedetan ogi -nahiz gari- bihitegiak hornitzeko.

Ongintzari esker sortu ziren lehenengo ospitaleak ere, Santiagorako bidearen inguruan. Erromes nahiz gaixoentzako ospitaleak izan ziren halakoak. Arian-arian herri gehienetan sortuz joan ziren gero. Ospitale horiekin batera berebiziko garrantzia izan zuten Bilbo eta Donostiako erruki-etxeek. Denek ere, diru-iturri nagusiak lortzen zituzten beren-beregi sortutako anaidi edo ermandadeen bidez.

Gerogarrenean, Foru Aldundiak hasi ziren ospitaleez ez ezik, sorospen-etxeez ere arduratzen. Alabaina, norbanakoen dohaintzak ederto baliatu zituten. Esaterako, lehenengo Karlistaldia amaitu ostean, eskaleen eta txiroen kopurua nabari areagotu zenez, Gipuzkoako Aldundia lotsagarri zen txirotasuna karitate publikoaren magalera ekar-tzeko premiaz mintzatu zen. Modu horretara, Gipuzkoako Aldundiak 1849an arauketa berezia onetsi zuen, babesgabeei laguntzeko eta umezurtzak babesteko. Hartutako neurrien artean nabarmentzekoak dira haurren-tzako lehen-hezkuntza ezartzea eta lan egiteko gai ziren gizon-emakumeei euren sexuaren, adinaren eta indarren araberako lana ematea. Halaber, benetako txiroek, hots, bizimodua ateratzeko baliabiderik izan ez eta horiek eskuratzeko lan egin ezin zutenek eskura zituzten erakunde egokiak, behar den moduko babesa izateko. Arauketa berri horren ondorioak oso positiboak izan ziren, neurri handi batean miseria desagertu zelako Gipuzkoatik.

Behin XX. mendean sartuta, laguntza pribatuaren bidezko filantropiaren adibide ugari dugu. Batzuk besterik ez ditugu aipatuko.

Horrela, 1908an aterak ireki zituen Basurtuko Ospitaleak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako diruarekin, baina baita norbanakoen ekarpenekin ere. Azken horien artean nabarmendu behar dira Casilda Iturriza eta Jose Maria Gurtubayk egindakoak, bi-bien artean ia milioi bat pezeta eman baitzituzten. Urte berean, eta, ostera ere, laguntza publikoa eta pribatua uztartuz, Deustun gor-mutuen ikastetxea zabaldu zen. Halaber, Bizkaitik atera gabe, 1915ean, Ledo doktoreak tuberkulosiaren aurkako kontsultegia sortu zuen herritarrek egindako dohaintzei esker. Elkarrekintza publiko eta pribatuari esker, 1919an, Gorlizeko itsas erietxea ireki zen tuberkulosiaren ondorioz gaixo zeuden Bizkaiko ume txiroez arduratzeko.

Arte Ederretako museoaren proiektua gauzatzeko ere funtsezkoa izan zen norbanakoen laguntza. Besteak beste, Laureano Jadok eta Antonio Plasenciak emandako artelan garrantzitsuak dira horren adibide. Deustuko Unibertsitatearen jatorrian ere gizabanako askoren laguntza dago. Bada, proiektu hori bultzatzeko bilbotarrek orotara 1.500.000 pezetako kopuruan jaulkitako obligazioak eskuratu zituzten, eta Agirre Fundazioak bekak eman zituen dohaineko matrikulak egin ahal izateko.

Nolanahi ere, idatzi honen hasieran adierazitakoaren ildotik, gaur egun badago premia filantropia arautu eta behar bezala bidera-tzeko, gardentasunean eta justizia sozialean oinarrituta. Halaxe gomendatu zuen 2019an Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak.

Egin-eginean ere, erakunde horrek esanbidez aitortu du filantropiak kohesio sozialari begira duen balio erantsi osagarri eta berritzailea. Bestela esanda, ulertzen du filantropia gizartearekiko konpromisoa agertzeko modua dela. Herritartasun aktiboaren eta solidaritatean isla litzateke.

Orobat, erakunde horrek gomendatzen du gobernuek filantropia aitortzea gizartearekiko konpromisoa eta partaidetza egiaztatzeko tresna bezala. Azken helburua litzateke baliabide pribatuek guztion onari dagokionez izan ditzaketen pisua areagotzea. Izan ere, horiek behar den moduan antolatu eta Administrazio publikoek jarritako baliabideekin bateratuz gero, inbertsio sozialen eragina edo inpaktua handiagoa eta hobea izan daiteke. Azken buruan, agerian geratzen da elkarlan horren garrantzia, bai eta, oinarrian, elkarrizketa zibilaren beharrizana ere.

Horrenbestez, egoki litzateke, gure eskumenetatik abiatuta, Euskadin filantropiaren legea onestea, hala nola, horren printzipioak, helburuak, gardentasuna, ekarpenen tratamendu fiskala, funtsak eta inbertsio sozialak behar bezala arautze aldera.

Tratamendu fiskalari begira, gaur egun badago zerbait, eta ez da gutxi abiapuntu gisa. Esaterako, Pertsona Fisikoen errentaren gainerako zergari (PFEZri) erreparatzen badiogu, Bizkaian, 13/2013 Foru Arauak, dohaintzengatiko kenkariak arautzean, mezenasgo-jarduerengatiko kenkariak jaso ditu. Horren arabera, zergadunek eskubidea izango dute kuota osotik kentzeko 1/2004 Foru Arauarekin bat etorriz kalkulatutako kenkari-oinarriaren %20. Hala ere, kenkari-oinarriak badu muga: ezin izango du gainditu PFEZren zerga-oinarriaren %35. Alabaina, muga hori gainditzeagatik kendu ez diren zenbatekoak ondoz ondoko hurrengo bost urteetan amaitzen diren zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira, muga bera errespetatuz.

Gipuzkoan eta Araban ere antzeko arauketa jaso da, hurrenez hurren, 3/2014 eta 33/2013 Forua Arauetan. Edonola ere, egon badaude Bizkaiko arauketarekin konparatuta desberdintasun garrantzitsu bi. Bateko, kenkari-oinarriak ezin izango du gainditu oinarri likidagarriaren %30. Besteko, muga hori gaindi-tzeagatik kendu ez diren zenbatekoak ezin izango dira aplikatu hurrengo zergaldietan.

Bestalde, ez da ahaztu behar dohaintza-har-tzaileak pertsona fisikoak direnean, Oinorde-tza eta Dohaintzen gaineko Zergaren arauketek ezarritakoa bete behar dela. Edu horretan, zerga-egitateak bere baitan hartzen du ondasunak eta eskubideak dohaintzaz edo beste edozein doako eta inter vivos negozio juridikoz eskuratzea. Aitzitik, dohaintza-hartzaileak pertsona juridikoak direnean, halakoek izandako ondare-gehikuntzari Sozietateen gaineko Zerga aplikatuko zaio.

Beraz, badago non sakondu. Laburbilduz, hartu eta emanaren arteko orekari eutsiz, guztion ona bilatze aldera, filantropiak badu tokia ongizatea indartzeko tresna moduan, gizarte-babesaren osagarri. Elkartasun giroan murgilduta, Gabonak horren guztiorren gainean gogoeta egiteko aproposak izan daitezke, batik bat, kristau garenontzat, esanak eta eginak bat etor daitezen.

* Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea