hAMAR urte igaro dira, International Trade Union Confederation (ITUC) delakoak, edo, euskaraz, Nazioarteko Sindikatu Konfederazioak (NSK-k) Lan Duinaren Munduko lehenengo Jardunaldia antolatu zuenetik, 2008ko urriaren 7an. Bada, mundu osoan lan duina sustatu nahian, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANEk) ere babestu zuen ekimen hori, gaur egungo eskaera demokratikorik garrantzitsuena bezala hartzean. Ordutik, Lan Duinaren Nazioarteko Eguna da urriaren 7a.

Baina zer da lan duina? Itaun horri erantzuteko, lehendanaz, Genevan, 1999ko ekainaren 10ean, LANEren Zuzendari Nagusiak, Lanaren Nazioarteko Konferentziaren 87. bileran, aurkeztutako oroitidazkiari erreparatu behar zaio, bertan instituzionalizatu baitzen kontzeptu hori. Egin-eginean ere, une horretan, liberalizazio ekonomikoaren politikak hankaz gora jartzen hasiak ziren ordura arte estatuek, lan-munduak eta enpresaburuek zituzten harremanak. Testuinguru horretan, horrela zioen aipatu oroitidazkiak: “Gaur egun, LANEren xede nagusia aukerak sutatzea da, gizon eta emakumeek lan duin eta ekoizgarria izan dezaten, berdintasun, zuzentasun, segurtasun eta giza duintasuneko baldintzetan”. Beraz, lan duinaz ulertu behar dena zehaztean, nahitaez errespetatu behar dira gutxieneko baldintza horiek.

Baldintza horiek abiapuntu, gaur egun, lan duina dute jomuga LANEren lau xede estrategikoek, hots, laneko oinarrizko eskubideak sustatzeak, enpleguak, gizarte-babesak eta gizarte-elkarrizketak. Azken buruan, lau xede horiek zehazten dute zein modutan susta dezakeen LANEk lan duina.

Edonola ere, beren-beregi aitortu da gizarte bakoitzak bere ideia propioa duela lan duinari buruz. Modu horretara, behin gutxieneko baldintza horiek errespetatuta, lan duina herrialde bakoitzaren inguruabarren arabera definitu behako litzateke; are gehiago, sarritan, gizarte bakoitzaren gaitasunek eta garapen-mailak baldintza dezakete hori.

Gainera, ideia hori indartu du bidezko globalizazioa lor dadin justizia sozialaren inguruan LANEk 2008an emandako Adierazpenak. Hurrean ere, adierazpen horrek ezarri du LANEren lau xede estrategikoak gauza-tzeko modua estatu kide bakoitzak zehaztu beharreko kontua dela, nazioarte-mailan bere gain hartu dituen betebeharrekin eta laneko oinarrizko printzipio eta eskubideekin bat etorriz.

Hain zuzen ere, ezin ahantz daiteke LANEk 1998an emandako Adierazpena, laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei buruzkoa, abiapuntu dela nazioarteko komunitate osoarentzat. Hain justu ere, Adierazpen horrek unibertsal gisa hartu ditu elkartze -eta sindikatu- askatasunerako eskubideak; negoziazio kolektiborako eskubidea benetan aitortzea, derrigorreko lan-mota guztiak ezabatzea; haurren lana benetan abolitzea; eta enpleguan eta okupazioan bereizkeria ezabatzea. Are gehiago, gai horiei buruz LANEk onartutako hitzarmenak (29, 87, 98, 105, 100, 111, 138 eta 182. zenbakidunak) laneko “oinarrizko arau” gisa kalifikatu dira, “gutxieneko arau” diren heinean, banakako nahiz izaera kolektiboko lan-baldintzak garatu eta hobetzeko, gizakien laneko eskubideak bermatzeko helburuarekin, kasuan kasuko estatuak duen garapen-maila gorabehera. Izan ere, ez da ahaztu behar munduko toki askotan “oinarrizko arau” horiek ere ez direla errespeta-tzen.

Eta testuinguru horretan, zelan ulertu lan duina Euskal Herrian? Galdera horri eran-tzuteko, ordea, badirudi bi direla aztertu beharreko norabideak. Bestela esanda, lan duinari dagokionez, kontuan hartu beharko litzateke zer-nolakoa den gure enplegu-politika, hemen eta atzerrian.

Nolanahi ere, hemen nahiz atzerrian, gure erakunde publikoek, sindikatuek eta enpresaburu-erakundeek duten ardurei heldu behar zaie. Bada, estatu sozial eta demokratikoak berarekin dakar hiruren artean lotura estua izateko premia, alegia, hiruren arteko elkarrekintza. Halaber, elkarrekintza horrek bat egiten du, bateko, sindikatuek eta enpresaburu-erakundeek gizartean izan behar duten egitekoarekin, hots, beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzearekin, eta, besteko, merkatu-ekonomiaren esparruan, enpresa-askatasuna oinarri, botere publikoek enpresetan eragingarritasunez bultzatu behar dituzten parte hartzeko era desberdinekin, kalterik egin gabe gizarte-ekonomia ere bultzatzeari. Labur-zurrean esanda, badirudi demokrazia politikoa eta industria-demokrazia eskutik joan beharko luketela, eta aipatu hiru eragileak, euren ardurekin, herritarron aurrean erantzule izan beharko liratekeela, lan duina erdiesteari begira.

Ildo horretatik, jakina da lan-legegintza estatuaren eskumen esklusibokoa dena, autonomia-erkidegoek hori betearazteko izan dezaketen eskumena gorabehera. Esangura horretan, estatuko legeriak Euskal Herriko enpresetan gutxieneko arau gisa jokatzen du. Bada, halakoen artean, berebiziko garrantzia dute lan duinerako oinarriak ezartzeko, Langileen Estatutuak, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak eta Sindikatu Askatasunari buruzko Lege Organikoak.

Alabaina, arau horiek ezarritako gutxienekoak errespetatuta, sindikatu eta enpresaburuen erakundeek arau kolektibo ugari egin dezakete, Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialarekin bat etorriz, horietara egokituz, ahaztu gabe, egoera hori mundu-mailako egoerak ere erabat baldintzatzen duela sarri askotan. Dena den, horrek sindikatuen eta enpresaburu-erakundeen arteko elkarlana edo lankidetza eskatzen du. Arestian aipatutako arauek ere hori berori jaso dute, konparazio baterako, langileen partaidetza bermatzeko informazio -eta kontsulta- prozedurak zehaztean edo aplikatzean; orobat, halakoetan, elkarrekiko dituzten eskubide eta betebeharrak gauzatu behar dira, enpresaren interesak nahiz langileenak kontuan hartuta. Beste horrenbeste esan daiteke, enpresa-batzordeari eratxiki zaizkion eskumenei dagokienez ere. Esaterako, enpresa-zuzendaritzarekin elkarlanean aritu behar dira, neurriak ezar daitezen, xedetzat dituztenak ekoizpenari eustea eta ekoizpena gehitzea, bai eta enpresako ingurumenaren jasangarritasuna lortzea ere, horrela itundu bada hitzarmen kolektiboan. Halaber, enpresa-zuzendaritzarekin elkarlanean aritu behar dira, adiskidetze-neurriak ezarri eta abian jartzeko. Esangura horretan, sor daitezkeen gatazkak bake bidez, azkarrago eta kostu sozial nahiz ekonomikorik txikienekin gainditzeko, oso interesgarria da itun bidez bitartekaritza-, adiskidetze- eta arbitraje-prozedurak era-tzea. Lan-arriskuak prebenitzearen arloan, prebentzio-eskuordeek ere enpresa-zuzendaritzarekin elkarlanean jardun behar dute, prebentzio-ekintza hobetze aldera. Gainera, halako eskuordeek sustatu eta bultzatu behar dute langile guztiak lankidetzan ari-tzea, lan-arriskuak prebenitzeari buruzko arautegia bete dadin.

Hori guztiori aintzat hartuta, asko dira sindikatuek eta enpresaburu-erakundeek balia ditzaketen arau kolektiboak Euskal Herrian lan-baldintzak hobetzeko. Era berean, horrek erator dezake, egun dugun araudiaren baitan, lan-harremanetarako benetako euskal esparrua. Arau kolektibo horien artean daude autonomia-erkidego mailako lanbide arteko akordioak, baliagarri direnak dela beheragoko esparruetako negoziazio kolektiboaren egitura bideratzeko, dela askotarikoak izan daitezkeen eduki edo gai zehatzak arautzeko, hala nola, hain beharrezkoak ditugun enpleguko EPSVak edo langileen prestakuntza. Azken horien haritik eguneratu eta hobe daiteke, berebat, PRECO delakoa. Bestalde, goren mailako arau kolektibo horiek oinarri, behar-beharrezkoak lirateke lurralde-esparru zein esparru funtzional desberdinetan egin daitezkeen hitzarmen kolektibo egokiak, estatutu-izaerakoak eta errealitatearekin bat datozenak. Egin-eginean ere, bada garaia hainbeste urtez, arrazoi desberdinengatik, sektore askotan blokeatutako negoziazio kolektiboak askatzeko. Arau kolektiboekin bukatzeko, enpresa-mailako itunen edo akordioen garrantzia nabarmendu behar da, lan-arloko arauketa egokitu edo malgu ditzaketelako, enpresa bakoitzaren berezitasunak eta beharrizanak kontuan hartuta.

Zubi-lanak egitea Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarte-elkarrizketarako mahaia indartuz eta enplegu-politika desberdinak abian jarriz. Hain zuzen, lan duina izan beharko litzateke bi tresna horien ardatza. Baina, horretarako, gure esparruko sindikatu eta enpresa-erakunde guzti-guztiek elkar hartuta, onustez jardun eta Euskal Herrian lan duinaren nondik norakoak zein diren zehazten lagundu beharko lukete, aitzakiarik gabe.

Atzerrira begira, gure enpresek lan duina errespetatu beharko lukete erbestean jarduten dutenean ere. Ezbairik gabe, Basque Country markaren islarik onenetakoa litzateke gure enpresak, erbestean kokatzen direnean, ezagun egitea, tokian tokiko lan baldintzarik duinenak aplikatzeagatik, lehiakor izateari ukorik egin gabe. Horretarako, gizarte-elkarrizketarako mahaian, abiapuntu gisa hartu eta garatzeko modukoa litzateke, adibidez, 2017ko irailaren 1ean, Espainiako Atzerri Arazoetako Estatu Idazkaritzak onetsitako Ebazpena, Enpresen eta Giza Eskubideen inguruko Ekintzarako Plan Nazionala argitaratzekoa. Horrezaz landa, enpresa bakoitzak esparru akordio orokorrak sinatu beharko lituzke, zein sektoretan aritu eta sektore horretako nazioarte mailako sindikatu-federazioarekin.