Síguenos en redes sociales:

Txin-Txin, diruaren hotsa

Zalaparta sorrarazi dute EHUko errektoreak esandakoek eta euskal unibertsitateko aurrekontua gehitzeko eginiko eskariek ere bai. Lehenengoari buruz, pentsatzekoa da, kudeatu beharreko aurrekontua nahikoa ez balitz, heldulekuak badituela Eusko Jaurlaritzako arloko sailburuari zuzenean adierazteko, eskariak zein beharrak ganoraz justifikatzeko. Horrexegatik, ulertezin suertatzen zait aurreko bidea jorratu gabe, halakoak lau haizeetara barreiatzea. Are ulertezinagoak dira bi kontu, batetik, eskatutako igoera eta, bestetik, horretarako emandako azalpena. Ez dut ezagutzen erakunde edo elkarte bakar bat halako igoerarik proposatu duenik, ez eta izango duenik ere. Are gehiago, elkarte andana ezagutzen dut urteetan igoerarik izan ez dutenak eta daukatena kudeatu beharrean daudenak. Herri erakundeetako aurrekontuek ere igoera txikia izan dute, unibertsitateko arduradunek proposatzen duten hazkundearekin alderatuta; beraz, pentsatzekoa da errektorearen eskariei jaramon egitekotan, beste nonbaitetik kendu egin beharko litzatekeela. Unibertsitatean eskolak ematen hasten direnen eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako beste batzuen baldintzei doakienez, alderaketa ez da onargarri, unibertsitatean ibilbidea egin ahala, irakasleek baitituzte bestelako eskubideak zein baldintzak beste arlo batzuetakoak baino are hobeak direnak. Horiek horrela, proposatuko ote du errektoreak baldintza are hobeagoetan daudenen baldintzak bestelako mailetako irakasleekin berdintzea? Zergatik ez ditugu unibertsitatean irakasleak izendatzeko erabiltzen diren prozedurak agerian jartzen; baldintzak jendaurrean azaltzen; besteak beste, irakasleek eman beharreko ordu kopuruak, dituzten osagarriak, horien zenbatekoa, oporraldiak, dedikazioa, egiten duten ekarpena eta abar?

Gaur eta hemen, eredua bera da kinka larrian dagoena! Batzuek uste baitute aurrekontuak neurririk gabe has daitezkeela eta ez dagoela aurrekontu bakoitzaz denaz bezainbatean lehentasunei buruz berbarik egin eta erabakirik hartu beharrik… Eta horixe da kontua! Ez, ordea, lehendik datozenei dauden-daudenean eustea eta zama berriak hartzea, aurrekontuak agortezinak balira bezala. Aurrekontuen inguruabarrean, etengabe entzuten dudan musika da zerbitzu publikoak lehenestea dutela helbururik behinena. Halaxe dira kontuak? Bene-benetan? Ezen ematen baitu helburu nagusi bihurtu dela jada baldintza onetan dauden enplegatu publikoen lan baldintzei oratzea, hobetzea ez esatearren. Akaso, azken neurri hori hartuta, botoak eskuratu nahiko ditu errektoreak… Baina ez da hori gizarteak eskatzen diharduena. Gizajendeak eskatzen diharduena da kudeaketa arduratsua guztion aldetik, are gehiago geroz eta zergapetuago gaudelako eta gero eta eraginkortasun txikiagoa eta garestiagoa den armazoia, gainegitura, baldintza are eskasagoak dituztenak sostengatzen ari direlako.