Marasmak
Harrituta eta jakin-minez geratu nintzen Kanadako gazte talde bat, jendez mukuru zegoen areto batean, Internazionala kantatzen ikusi nuenean. Artean, esan nuen nire kautan, zer jakingo ote dute gazte horiek langileriaren iraganeko nahiz oraingo bizi-baldintzez? Zer jakingo erregimen komunistek gizateriari egin dioten, egiten diharduten, ekarpenari buruz, non askatu behar zituztenak mendean hartu, esklabu gisa erabili eta nomenklatura goratzeko baliatu dituzten. Gizartearen gehiengoa askatzeko asmoz jaiotakoak, hara non bihurtu ziren herrien eta herritarren zapaltzaile eta libertate ororen ukatzaile sutsu!
Bidenabar, derradan, ahoa bete hezurrekin eta kezkaz ikusten ditudala besoa nonahi altxatzen ikusten diren gizataldeak. Biek ala biek estatu totalitario baten mendean jarri zuten eta jarri nahi dute herritarren borondate oro, bidetik ateratzen dena karrilean sartu nahian, edo arbuiatuz, baztertuz eta, historiak izugarrikeria osoz erakutsi digunez, sakailatuz.
Gure aurrekoek ez zuten gerran bizitakoaz hitz egin gura, ez gerra ostean bizi izandakoaz ere, horren barruan dela ETAk sorrarazi duen nahigabeaz, haustura moral eta etikoaz. Izan ere, asaben asmoa zen ezinikusirik, gorrotorik, ez iltzatzea. Hainbatetan, biktima eta biktimarioen seme-alabak elkarrekin ikasten zutelako eskolan edota elkarrekin jolasten zirelako herrietako plazetan eta kaleetan. Etorkizunari begiratzea zen kontua, ereitea, gertaerak berriro errepika ez zitezen, bizikidetzaren aldeko apustua eginez. Zenbat gauza laga behar izan zuten albo batera gure aurrekoek, gure eta gure gizartearen hobe beharrez?
Denbora joan ahala, ordea, iragana lausotzen, lanbrotzen ari den honetan, badirudi sasoi bateko jokaerak indarberritzen ari direna gure artean. Berriro ari gara etsaiak nonahi aurkitzeko irrikaz, gure ezintasunen, arazoen eta beldurren erantzule izan daitezen. Ari gara iluntasunetik atera berritan, eskubideen jabe egin direnei gure konplexuen ardura leporatzen… ari gara, bai gogotik aritu ere, gure aurrekoek irakatsi zigutenari kontra eginez, ezinikusia, gorrotoa eta abar nonahi eta nolanahi barreiatzen. Ez dakar ezer onik egungo giroak, ez politikoak, bereziki, estatuan dabilenak, ez eta gizarte mailakoak. Erraza da kaskoak nonahi eta nolanahi berotzea, jendea elkarren kontra jartzea. Nago, ordea, alderantzizkoa dela bidea, eztabaidak modu eraikitzailean bideratu eta adostasunak modu zibilizatuan erdietsiko badira. Totalitarismoak, zeinahi tokitik datorrela, beti dakar altzoan hitza, arrazoibidea eta bizikidetza ukatzea.
