Gure artean badago sektore jakin bat dioena gizarte honen gehiengo zabal bat iraganari begira dagoela eta gertatutakoei barik aurrera begira jarri behar dela gizartea. Sekula ez dut ulertu irizpide selektibo hori, aitatzea komeni ez direnak ia ahaztu eta bestelakoak etengabe errepikatzen saiatzen dena. Printzipio hori aldeztuko bagenu, ez baikenuke berbarik egin behar frankismoaz, estatuko terrorismoaz, tortura kasuez, memoriaz eta bestelakoez. Zergatik gai batzuei horrenbesteko garrantzia eman eta, aldi berean, ez hitz egin gaizki deitutako zerga iraultzaileaz; desberdin pentsatzen dutenak sistematikoki presionatzeaz, jazartzeaz edo akabatzeaz; mehatxuez, irainez zein bestelakoez? Zinez adierazgarria! Ezkutatzen saiatzen denak sektore politiko jakin baten erantzukizuna, indarkeria babestu, aldeztu eta herritar ugariren sufrimenduari bizkarra eman ziolako.

Oraingo giroa bestelakoa da, nahiz eta aurreko etapan murgildutako hainbatek, gure gizartearen aurrean, inolako erantzukizun pertsonalik zein kolektiborik ez duten barruratu. Izan ere, segitzen dugu indarkeria-mota baten zuribide gisa, balantzaren beste aldean, bestelako indarkeria jartzen. Tamalez, indarkeria gainditzearekin batera badugu egin gabeko bide bat, gizartea ehuntzeko, kohesionatzeko eta adiskidetzeko ezinbestekoa dena: izenik ez duen iragan hits baten irakurketa kritikoa eta autokritikoa egitea, ukendurik eman eta ezer erlatibizatu gabe. Hemen, azken hamarkadetan, ez baita egon bi herriren arteko borrokarik, ez epikarik, ez paparra ateratzen laguntzen duen ezer, alderantziz baizik.

Indarkeriaren harra urteetan elikatu zutenak, azkenean, ohartu ziren horrek ez zeukala etorkizunik, ez eta aurrerabiderik ere! Horiek horrela, biolentziari bizkarra emateko zergatiak ez ziren arrazoi etikoak izan, pragmatikoak baizik: halako batean ohartu ziren, kostata konturatu ere, biolentziak ez zituela helburu politikoak lortzeko balio. Nago gure belaunaldiak zeregin handi bat duela eginkizun, kontakizunaren borroka irabaztea, hain zuzen. Ezen gertaerak erlatibizatzen, jazotakoarekiko distantziak ezartzen saiatzen direnekin ez baitago bizikidetza ardatz izango duen gizarterik ehuntzerik. Badakit batzuentzat are erosoagoa dela kontakizun desberdinak daudela plazaratzea, zaku horretan edozer kabitzen delako, denik izugarriena bada ere. Uste dut gizarte demokratiko batek ezinbestekoa duela gutxienekoak partekatzea baldin eta etorkizun hobea eraikitzen saiatuko bada, iragana gainditzen ahaleginduko bada.

Azken hiletan, ugaritu da pankarta, kartel eta bestelakoen bidez desberdin pentsatzen dutenak jazartzeko giroa eta indartu da udaltzainen zein ertzainen kontrako jazarpena, indarkeriatik inoiz aldendu ez den sektore baten aldetik. Hobe lukete mundu horretan erantzukizunak dituztenek sua amatatzen saiatuko balira, sutara are egur gehiago botatzen ibili beharrean.