Marketina
Politikaren eremuan, marketina baliatzea geroz eta ohikoagoa da, konpromisoak saihestu nahi direnean, horrek ekar dezakeen higadura ekidin nahi denean edota, ereindakoa tarteko, inoren laguntza lortzerik ez dagoenean. Baieztapen horren bi erakusle: Osasunaren inguruabarrean, sektore jakin bat kanpoan geratu izana eta, Alderdi Sozialistako kargu batzuen ustezko ustelkeria kasuak direla eta, gobernua hankaz gora jartzeko, alderdi popularraren enegarren saiakera.
Lehenengoari buruz, badirudi gure osasun-sistema egungo zein etorkizun hurbileko beharrizanetara egokitzeko askotarikoen artean ehundu den adostasuna ez dela nahikoa, baldin eta ekuazio horretan sindikatuen interesak barruratzen ez badira. Badirudi gure gizartearen zati batean badagoela halako uste bat non interes pribatuak, langileen interesak, hain zuzen, interes orokorrei gailendu behar zaizkien. Inork gutxik azaldu dio gizarte honi enplegatu publikoen lan-baldintzen hobekun-tzak zer-nolako onurak, egiazkoak, ez alegiazkoak, ekarri dituen Osasun sisteman, Hezkuntzan zein bestelakoetan.
Egun, ostera, gero eta enplegatu publiko gehiago behar dugu lehengoaren ia-ia berdina egiteko baina, tamalez, zerbitzua ez da maila berean hobetzen ari. Gainera, baldintzak, horren dira txarrak non gero eta jende gehiagok enplegatu publiko izan nahi duen, beste lanbide askotan jarduteko eskulanik falta denean edota sektore batzuek baztertzen dituzten migratzaileek hutsune horiek bete behar dituztenean. Sentitzen dut, baina zerbitzu publikoen eta pribatuen arteko eztabaida hori kontuz aztertzekoa da, baitira zerbitzuak, titularitatea gorabehera, ondo edo gaizki funtzionatzen dutenak. Inguruabar horretan, funtzionarioei doakienez, atentzioa dei-tzen du urteetan eta, denon zergak baliatuta, mutua pribatuak erabiltzeko egin den ahalegina. Sindikatuak izan dira pribilegio horien defendatzaileak eta aldezleak. Ikuskizun dago orain konpromisoa har-tzeko prest egon ez direnek zer egingo duten, inoiz gobernatzera iristen badira.
Alderdi Popularraren keinuak ez dauka marketinaz besteko ibilbiderik. Hedabideen aurrean jarraitzen du irabazi nahi dituenak beheratzen eta iraintzen. Bide batez, ikusi dugu gobernatzen duten herri erakundeetan nolako erabakiak hartu dituzten eta etengabe hartzen ari diren, aniztasuna ezabatzeari, zaurgarrienak baztertzeari, gehien dutenak aupatzeari eta memoriari bizkarra erakusteari lotutakoak. Alderdi Popularrak benetan sinesten du egiten diharduenarekin, esaten duenarekin, bidelagunak izan ditzakeela? Alderdi demokratikoak lokatz eta lubakien eremura ingura daitezkeela uste du, estatuan barrena, ustelkeriaren pipiak janda dagoen eta eraberritzeko asmorik ez daukan alderdi horrek?