Begiradak
Indarkeria aldeztu eta sustatu duen sektore baten aldetik, hainbatetan, aipatzen da batzuk iraganari begira daudela, orrialde hori pasatzea eta aurrera begiratzea komeni dela. Ez dirudi gainditu beharreko hori harro egoteko motiboak eskaintzen dituenik, aitzitik, esango nuke iragan hori, eta horretan bakoitzak izaniko ardura, ezkutatu beharrekoa dela, bestelako erreferenteak aipatuz, nahiz eta orain aipatzen diren horiek, sasoia zenean, arbuiatuak, baztertuak eta irainduak izan ziren.
Ez dirudi harro egoteko motiboa erakusten duenik arduradun politiko baten irudia sutara botatzen duenak, ezkutuan, erantzukizunak ekidin nahian, eta aurpegia estalita arituta… eta, tamainako koldarkeriaren aurrean, beste aldera begiratzen dutenek ere badute zer pentsatu eta zertaz hausnartu, ospakizunak ez baitira batzuenak, halakoez jabetzen egundoko ahaleginak egin arren. Iraganean bezala, egun ere gizartearen zati batek are nahiago du beste aldera begiratu, erosoagoa delako eta “guztiekin” ondo konpondu nahi duelako, jakin arren, jarrera hori hilgarria dela eta bidegabekeriari eta inpunitateari bidea zabal-zabalik uzten diela.
Sektore politiko eta sindikal batean, zuztar sakonak ditu gizartea zartatzeko, bizikidetza oztopatzeko, jendea jazartzeko eta iraintzeko estrategiak. Jakin nahi nuke halakoak eskuin muturreko sektoreek usatuko balute horren normal eta onargarri gertatuko litzaiekeen, ez dut uste! Kontua da, batzuen aburuz, edozerk justifikatzen duela pertsona normal batek onetsiko ez lukeena, biktimak iraintzearekin, kaleetan istiluak sortzearekin, espazio publikoa nahierara baliatzearekin edota aniztasuna ezabatzearekin zer ikusia duena. Auzia ez da iragan lotsagarria gainditzeko bidean urratsak egiten ari garen, gizarte demokratiko batean oinarrizkoak diren printzipioak eta bizikidetzarako arauak partekatzen ditugun baizik. Eta horixe da eginkizun dagoena, kontakizun bakoitzaren azpi-azpian dagoena. Jarrera totalitarioek bestelako jarrerak behar dituzte, eta bilatzen dituzte balantzaren beste aldean, haien jokabidearen zuribide gisa.
Iraganak, ordea, ez dauka zuribiderik, ez eta esplikaziorik ere, aniztasuna ezabatzearekin, desberdin pentsatzen dutenak isilaraztearekin, akabatzearekin zer ikusia daukalako, ez besterik. Zilegi da iraganari erreparatzea, ez horretan gelditzeko, horrek orainean eta etorkizunean izan dezakeen eraginaz pentsa-tzeko baizik, gainditzeko ditugunetan sakon-tzeko baizik. Egun, ereitea ezinbestekoa da. Alabaina, haziak zabaldu arren, ez da ezer hazten, lur idorrean zabaltzen bada.