Harrera herria
Nago, eremu politikoan, denbora are luzeagoa ematen dugula polemika antzuak pizten, elikatzen eta denboran irauten, datorrena aurreikusten eta datorrenari ganoraz erantzuten baino. Sasi-leloen altzoan, onkeria eta arinkeria nabari dira, bai eta oportunismoa ere, protagonismoa, ez besterik, bilatzen duten ba-tzuen aldetik eta, halako polemikak era artifizialean puzten dira, hurrengoak aurrekoa ezabatu bitartean. Burutapen hori datorkit lehendakariak egin dituen adierazpenak aintzat hartuta, horrek eragin duen erreakzio-soka irakurri ondoren. Gure herria harrera-herria izan, izaten ari eta izango da etorkizunean. Beste kontu bat da gertakari hori nola kudeatuko dugun, datorrenari edozelan erantzuten segituko dugun ala era ordenatu, arautu eta seguruan kudeatuko dugun.
Euskadiko herri-erakundeek bideratu dituzten harrera politikek ez daukate zer ikusirik eskuineko alderdiek barreiatzen dituzten mezuekin, migratzaileak delinkuentziarekin, zerbitzu publikoak zama-tzearekin edota dirulaguntzen erabilera okerrarekin lotzeko asmoz egiten direnak, hau da, migratzaileak kriminalizatu asmoz egiten direnak. Hala berean, Euskadiko erakunde publikoen aldarriek ez daukate zer ikusirik Espainiako Gobernuaren inprobisazioarekin eta eskuarteko erronka hau kudeatzeko darabilen erarekin, ikuspegi faltarekin. Horren barruan dela, Gasteizen ireki nahi duen makrozentroa, migratzaileak pilatzea ez besterik helburu duena eta gure herri-erakundeen politikekin bat ez datorrena.
Gaur eta hemen politika integrala hezurmamitzea ezinbestekoa da eta, horretarako, herri erakundeei aitorturiko eskumen murritzak zabaltzea eta are baliabide gehiago bideratzea ere garrantzi handiko kontua da, hil ala bizikoa. Horrek, besteak beste, errealitatera egokitutako politika propioak indartzeko, hobeto asmatzeko aukerak eskainiko dituelako. Espainiako Gobernuak, bere ordezkariek zein aldezleek etengabe iskin egiten diote kontu horri, baina horixe da autu honetan funtsezkoa dena.
Eskuartean dauzkagun aurreikuspenen arabera, datozen hamarkadetan, miloi erdi inguru lagun hurreratzea litekeen kontua da. Lehenago ere izan ditugu tamaina horretako olatuak… Orain, ordea, ondo kudeatzeko aukera daukagu, datozenei zerbitzuak eskainiz, integratzeko eta bizi-proiektua gara dezaten, lan egiteko aukera izan dezaten, prestakuntza emanez eta abar. Inguruabar horretan, badira migratzaileen eskubideak besterik gabe azpimarratzen dituztenak, nago, gizartean, denok dauzkagula eskubideak… Bai eta betebeharrak ere, gure komunitate-izaera indartzen dituztenak, elkarren ondoan hazten laguntzen digutenak. Bi-biak behar ditugu aldeztu eta azpimarratu, gizartea ilbantzen eta egitura-tzen saiatuko bagara. Bestela, ondorioak lazgarriak izan daitezke.