Aurrekoan, greban dagoen hezkuntzako grebalarietako bati halako zerrenda bat entzun nion beren eskakizunak laburbiltzeko eta greba justifikatzeko zuribide gisa. Hezkuntza publikoa hobetzeko aldarria eskakizunen azkeneko lekuan ageri zen, hainbatetan, makulutzat baliatzen den halako esaldi orokor legez, erakunde publikoetako enplegatuek hain sarritan erabiltzen dutena. Esanak esan, memento batera iritsi gara non laneko eskakizunen helburua zerbitzu publikoa hobetzea ez den, egun baldintza onak dituzten enplegatu publikoen lan-baldintzak areago hobetzea baizik, gehien-gehienetan, ezer ez eskaintzearen truke. Zinez, gero eta zailagoa da ulertzea zerbitzu publikoak nola hobe daitezkeen horien erabiltzaile direnak kaltetuta edo gatibu hartuta.
Sasoi batean, langile publikoen lan-baldintzak eskasak ziren eta aitortza urria zeukaten herritarren partetik. Denboraren joanean, zorionez, egoera zeharo aldatu da. Alabaina, ulergaitza da Espainiako beste erkidego batzuetako langile publikoekiko lan-baldintza onenak dituztenak izatea lanuzte gehien egiten dituztenak. Herritarrak aztoratuta eta hankapean hartuta laneko baldintzak are gehiago hobe daitezen saiatzea ere ez dakit zilegi den. Non dago muga? Hain zuzen ere, zergak baliatuz ordaintzen ditugu zerbitzuok eta, urtero-urtero, zerbitzu horiei eusteko geroz eta baliabide gehiago bideratu behar ditugu. Egun goazen bidetik, mementoa iritsiko da, dela ekonomiak hazkundeari eusten ez diolako, dela zergen bidez behiaren errapeetatik esne gehiago ateratzea ezinezkoa izango delako, non zerbitzu publikoak oso-osorik berraztertu beharko diren. Gizartearen premiak bestelakoak izango direlako eta inbertsio zein bestelakoetarako bitarteko are gehiago beharko direlako.
Nire iritziz, denok ordaintzen ditugunez gero, balantza batean jarri eta jendaurreratu beharko lirateke sailez sail enplegatu publikoen lan-baldintzak, lanordu errealak, absentismoa, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua eta abar eta gainerako langileenak, aldarrikatzen diren horietatik guztietatik arrazoizkoak eta bideragarriak zeintzuk diren eta zeintzuk ez ikusteko. Nolanahi ere den, hezkuntza publikoarena benetan tamalgarria da, nire ustez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hurbilpen esanguratsua egin duelako eta, halaz ere, sindikatuek greba-deialdiei eutsi dietelako, segurutik, arrazoi ideologiko eta politikoengatik.
Nire eta askoren inguruan, gero eta ohikoagoa da langile publikoei baimenez, egun libreak hartzeaz, opor-egunak kateatzeaz, lan gutxiago egiteaz, baja eta altak komeni direnean hartzeaz bai eta plaza atera eta, hasierako egunetan, lanean arduratsu, kementsu ari direnei erritmoa apaldu beharraz entzutea… Aldiz, geroz eta gutxiago hitz egiten da konpromisoaz eta herritarrak albait ondoen artatu beharraz..