Askotariko azterlanetan ageri da herritarren eta egitura politiko, sindikal eta instituzional desberdinen artean irekitzen ari den osina. Hainbatentzat, halako egiturek interes korporatiboak edota pribatuak lehenesten dituzte gizartearenak bainoago. Horiek horrela, herritarren artean desafekzioa iltzatzen eta muturreko jarrerak gotortzen ari dira. Dena zalantzan jartzen eta guztia abaildu nahian ari direnak irabazten ateratzen ari dira. Gainera, ondo bizi diren eta gizarte-zerbitzu sendoak dituzten gizarteetan areagotzen ari dira halako gertakariak… Batzuek lehendik dutena galtzeko beldur direlako eta beste batzuek gutxienekoetara iristea ezinezko ikusten dutelako!
Herritarrek harriduraz ikusten dituzte alderdi politikoen arteko eztabaidak. Hainbatetan, iduri du antzerki-saio bat ikusten ari garela, non ikuskizunaren protagonistak alderdietako ordezkariak diren eta, eztabaidaren ardatz izan beharko luketen herritarrak, aldiz, ikusle soilak. Inor gutxik jarduten du herritarrei begira. Ondorioz, haien arteko eztabaida, geroz eta interes gutxiago pizten duen bakarrizketa bilakatzen da. Gehien-gehienek herritarrak eta gizartea dituzte hizpide, askotarikoa barik homogeneoa bailitzan. Beste hainbatek, jarrera kontraesankorrak erakusten dituzte dauden toki bakoitzean eta, agintzen hasita, zerua agintzen dute, bizi garen gizarte laiko honetan, zerua erdiestea ezinezkoa dela ahaztuta. Eskubidez hitz egiten da, gizarte komunitario batean, eginbeharrez hitz egitea ere tokatzen denean.
Gertutasunak, askotariko iritzietara hurreratzeak, beti sortzen du halako deserosotasuna. Arrazoiz edo arrazoirik gabe edonork kritikatzeko heldulekua izan dezakeelako. Horrexegatik, denboraren puruz, gero eta traba gehiago jarri dira, burokrazia indartu, gardentasuna oztopatu eta distantzia areagotu dira. Horri eman behar zaio buelta, inertziak astinduz, langak gaindituz eta tramua ezerezean lagaz. Horretan saiatzen ari dira, besteak beste, herri erakundeak, askotariko egitasmoak eta egiturak sortuz eta indartuz.
Inguruabar horretan, EH Bildu oker dago gobernantza-eredu berria herri erakundeak ahultzearen, etsitzearen edota amore ematearen sintoma gisa interpretatzen badu, bai eta dezakeen guztietan aukera baliatzen badu, baliatzen ari den bezala, eredu berriaren altzoan sortzen diren egiturak kolonizatzeko eta, menpeko duen bezerokeriazko sarearen bidez, bereak diren dinamikak sustatzeko. Elkarlaneko gobernantzak askotarikoen arteko elkarrizketa, adostasuna eta konplizitatea bilatzea behar ditu, askotariko koloreek edertzen eta aberasten dutelako gure gizartea, gutxi batzuek kolore bakarra aldezten duten arren, besteak beste, euskalgintzan, gizartegintzan, politikan eta abarretan.