Seguritik, goiburua are ezagunagoa izango zaigu ‘kalean uso’ irakurriz gero. Bada, horrekin adierazi nahi da nork bere auzoan aldarte onez eta era atseginez jardun arren, etxean kalteak eragiten dituela, hau da, etxean zakarra eta gaiztoa dela. Aurreko batean, esapide hori etorri zitzaidan gogora EH Bilduko idazkari nagusiak, bai Europako Parlamenturako, bai Espainiako hauteskunde orokorretarako zerrenda bateratuak proposatu zituenean. Ez da lehenbiziko aldia halako proposamena jendaurrean azaldu duena, ez eta azkena izango ere, ibilbiderik ez daukan proposamena izan arren.
Bagatoz gatozen iraganetik, non herri honen zati esanguratsu batek pentsatu eta aldeztu duen inposizioa, jazarpena eta indarkeria direla bidelagunik eraginkorrenak burujabetzarako bidean. Hamarkadetako jokaera horrek arrastoa laga du, sustrai sakonak ditu eta, herrietan, eskualdeetan eta herrialdeetan islatzen da: desberdin pentsatzen dutenak onartzen ez direnean; jazartzen direnean; inolako erantzukizunik hartu gabe, populismoa eta errazkeria ardatz, oposizioa egiten denean; edota, askotariko arazoak plataforma interesatuen bidez pizten eta puzten direnean, bizikidetza ozpinduz.
Zaila da, ezinezkoa ez esatearren, aurrealdean daukazuna abailtzeko beste interesik, beste helbururik, ez daukazunean, ezinbestekoa den konfiantzazko giroa eraikitzea. Ezinezkoa da sinesgarritasunik izatea, atzo arte baztertu duzuna, egun batetik bestera, aldarrikatzera iristen zarenean, areago, Madrilen, autogobernua kimatzeko hartzen diren askotariko erabakiak pozarren babesten dituzunean. Izan ere, autogobernua egunero defendatu behar den kontua da, legez lege, dekretuz dekretu, Madrilen gobernatzen duen koalizioak estatuaren ikuspegi zentralista duelako, ez besterik.
Gaitz ikusten dut lankidetza, ondorioak zeinahi direla, hegemoniaren inguruko borroka arlo guztietara eraman nahi denean. Etxe barruan igogailua konpontzeko adostasuna ontzeko gauza ez dena nekez iritsiko da hortik gorako bestelako akordioetara.
Auzolanean sinesten dut, inor alboratu gabe, askotarikoen artean eraikitzen den lankidetzan. Horrek badakar gure gizartea askotarikoa dela onestea eta aitortzea. Desberdin pentsatzen dutenekiko errespetua, egiazkoa, ez hitzezkoa bakarrik; printzipio demokratikoak aldeztea eta onestea; koherentzia, esaten denaren eta egiten denaren artekoa, eguneroko jardunean bistaratzen dena eta abar. Horiexek dira sinesgarritasuna irabazteko eta bestelako helburuetara iristeko oinarrizko zerumugak. Gainerakoa ibilbide laburreko propaganda da, ez besterik!