Astelehen honetan bete dira laurogei urte Sobietar Batasuneko soldaduek Auschwitz, pertsonak akabatzeko eta kontzentratzeko eremua, askatu zutela. Jakina denez, berrogeita bost eremu baino gehiagok osatzen zuten kontzentrazio-eremu hura, Polonia okupatu ostean, naziek, juduak, askotariko gutxiengoak, soldaduak, intelektualak, disidenteak eta abar garbitzeko eraiki zutena. Milioitik gora dira -erraz esaten da hori- eremu horretan sakailatu, esklabu gisa erabili, gosea pairarazi eta izugarrikeriak sufritzera kondenatu zituztenak. Ez zen, baina, bakarra izan; Alemanian, herrialde horren aliatuak ziren zein naziek okupaturiko lurraldeetan milaka eta milaka eraiki zirelako, den-denak helburu bera zutela: lagun hurkoa beheratzea, gutxiestea eta akabatzea.
Urte batzuk lehenago, estatu kolpe baten bidez boterea eskuratzen saiatu ziren naziak. Halakorik lortu ez zutenean, demokraziaren zirrikituak baliatu zituzten, zuten ordezkaritza hazteko eta indarra gehitzeko. Horretarako, nornahiren aurrean biktima gisa azaltzeko.
Mundu Gerraren ostean aliatuek ezarritako Versaillesko Ituna eta hark ekarritakoak baliatu zituzten. Hori gutxi ez balitz, gizartea jasaten ari zen ustezko hondamendiaren eta ekonomiaren gainbeheraren erantzule juduak ere egin zituzten, bai eta bestelako pentsaerak zein baztertu nahi zituzten jokaerak zituzten gizataldeak ere.
Horiek horrela, hauteskundeetan aurkezteaz batera, sistematikoki, desberdin pentsatzen zutenak zein gutxiengoak jazartzeko eta baztertzeko ahalegin jarraitua bideratu zuten.
Alemaniako Parlamentuaren erreketaren osteko dekretuaren zein Kantzilerra eta bere kabinetea edozelako neurriak eta erabakiak hartzeko gaitzen zuen legea onetsi ondoren, demokraziaren azken arrastoak ezabatu zituzten, isilean iltzatzen ari zen erregimen kriminala ageriko bilaka zedin ahalbidetuz, noranahikoagoa eginez.
Akaso egongo dira halako kontuak aspaldikoak direla diotenak, bai eta, behingoz, orrialdea igarotzea aldarrikatzen dutenak ere.
Edozein gisaz, nago, eredu komunitarioa ahultzen ari den neurrian, jendea bere zilborrari gero eta gehiago begira dagoen heinean, arrisku gero eta handiagoa dugula setakeriak, gutxiengoekiko herra, desberdin pentsatzen dutenak jazartzeko eta baztertzeko, edo akabatzeko gogoa, indarra hartzen joan daitezen.
Auschwitz ez baitzen salbuespena izan, populismoa eta gezurra ardatz, ibilbide kriminal baten azken emaitza baizik, non milioika lagunek bat egin zuten lider mesianiko baten hitzekin, irudikatutako etorkizunarekin.
Inor baino gehiago direla sinetsita, ondoan zegoena, berdin lurraldea edo gizasemea, heldua edo umea, masakratzen zuten bitartean, bost axola zitzaiela. Zinez, jakin beharko genuke gezurrak buztana laburra duela…
Baina zabaltzen dituztenek hondamendira garamatzatela, gizarte eta gizaseme gisa.