Iraganeko kontuak dira. Enplegatu publikoak baldintza eskasetan ari ziren eta gizartean ez zeuden ondo ikusiak. Harrezkero zeharo aldatu dira kontuak. Espazio publikoetan ari direnak inoizko baldintza onenetan ari direlako, bai eremu pribatuan lan egiten dutenen aldean, bai eta beste erkidego batzuetako langileen aldean. Horrexegatik, milaka eta milaka lagun hurreratzen dira lan-deialdietara, segurtasun eta lan baldintza egokien bila. Gero eta eten handiagoa gertatzen ari da eremu publikoaren eta pribatuaren artean… Eta, epe laburrera, horrek ondorio lazgarriak izango ditu. Sistemari eusteko gero eta baliabide ugariagoak beharko direlako, eutsi ezina suertatzeraino.

Badira zenbait kontu kezkatzekoak direnak. Batetik, baldintza are hobeak izan daitezen egiten den amaierarik gabeko ahalegina. Bestetik, gero eta baliabide gehiago behar dira, bide batez, ematen den zerbitzua gero eta hobea ez denean. Akaso, motiboetako bat da enplegatu publiko ugarik beraien eskubideak jarri dituztela herritarrei eman beharreko zerbitzuaren aurretik eta ez dagoela herritarren eta langile publikoen eskubideen arteko bateragarritasunik. Beharbada, irakaskuntzan eta bestelakoetan jarduten duten askoren motibaziorik behinena baldintzak dira, ez zeregina ondo betetzea edota herritarrei zerbitzu egokia eskaintzea eta abar. Halako kontuei izkina egite zaie eta ez dira aletu nahi.

Beste eremu batzuetan egiten den eran, normalena litzateke enplegatu publikoen ekarpenaren gaineko jarraipena egitea. Izan ere, badira zerbitzu ona eskaintzen ahalegintzen direnak eta badira, tamalez, geroz eta gehiago, ikasleak, gurasoak, herritarrak eta abar berdin zaiena. Igual, gogortxoa da adierazitakoa… baina denok jasan izan ditugu, egunero jasaten ditugu hori islatzen duten gertaerak. Leihatila batetik bestera bideratzen zaituen funtzionarioaren jardunetik hasita edo, amore eman dezazun, alperreko dokumentuak eskatzen dizkizuna; bigarrenez, zerrenda batean ahalik eta gorenen egoteko alta hartu eta, plaza esleitzean, egun berean, ikasleak bertan behera uzten duena; hirugarrenez, itxaroten zauden bitartean, ondokoarekin oporrez hitz egiten ari direnena eta abar. Uste dut badela sasoia herritarrok enplegatu publikoekiko daukagun exijentzia maila jaso dezagun, dituzten baldintzak ez direlako nolanahikoak eta gure eskubidea ere badelako ganoraz arta gaitzaten.

Halakoetan, sindikalistek eta gora begiratzen dute beti, baliabide gehiago eta lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Sinetsita nago arazoa ez dagoela, oro har, horretan. Besteak beste, urtez urte irakaskuntzan inbertitzen ari garena; sasoi batekin alderatuta, dauzkagun ratioak, artatu beharreko ikasle-kopuruak, lortzen ari garen emaitzak eta abar ez ote ditugu ikuspegi kritiko eta autokritiko batetik begiratu behar? Eta horrela zerbitzu andanari dagokionez.