Datozen egunotan karguaz jabetuko da Donald Trump AEBko presidente aukeratu berria. Hori dela eta, askotariko mugimenduak suertatzen ari dira, besteak beste, hedabideen, eta sare sozialen titularren aldetik. Inork gutxik nahi du Trump etsai gisa, are gutxiago, legealdi osoa aurretik eta AEBko aginte-organo nagusien kontrola dituen estatuburu baten menean. Orain, antza denez, egoera berrira egokitzea tokatzen da, merezimenduak egitea agintean egongo dena haserretu ez dadin, bai eta negozioak egitea ere, horretarako betarik suertatzen bada. Honenbestez, kontrapisuak dezente ahulduko dira, bai instituzionalak, bai hortik kanpoak. 

Sare sozial nagusien buruek adierazi dute sareotan argitaratzen diren edukiak ez direla moderatu behar eta adierazpen askatasuna goretsi eta lehenetsi beharreko kontua dela. Horra lerroburu berria, liberalismoa aitzakiatzat hartuta, adierazpen askatasuna lerdokeriak edota gezurrak argitaratzeko eta barreiatzeko goiburu bilakatuta. Adierazpen askatasuna ez da ezer, tartean, argitaratzen eta esaten denarekiko erantzukizunik ez badago, inoren aldetik, hargatik, edozer argitaratzen duten askok ezizenak baliatzen dituzte, inoren aurrean erantzukizunik ez hartzeko, edo argitaratzen diren gauza askoren atzealdean dagoen estrategia begien bistan ez geratzeko.  

Gizatalde batzuekiko gorroto adierazpenak, indarkeria baliatzeko deiak, egiazkoak ez diren datuak barreiatzeko joera interesatuak… horietako asko “iritziak” direlakoan errepikatzen eta barreiatzen dira, inolako mugarik gabe. Kontu hau ez da berria, aspaldixko galdu baitzen sasoi batean zegoen ikuspegi erromantiko hura. Sareek informazioa, jakin-mina eta bestelakoak demokratizatzen lagunduko zutela ziotenen kontua, hain zuzen. Orain, bide luzeagoa, are oihartzun handiagoa lortzen da gezurra esanez, bestela baino. Tamalez, joera hori areagotu egingo da etorkizunean, ezker zein eskuineko populismoari bidea zabalik lagaz. 

Nago inoizko ahaleginik handiena egin behar dela, bereziki, hezkuntzan, irakasleen prestakuntzan,  ikasmaterialgintzan, unibertsitateetan, hedabide publiko orohartzaileen zein tokian-tokikoen bitartez, informazio zehatza eta egiazkoa emanez, jendearentzako kezka-iturri diren gaiei buruzko azalpenak emanez, bai eta informazioa eskaintzen duten bestelako heldulekuetan, fidagarritasuna oinarritzat daukan informazio kontrastagarria zabalduz. Egun digitalak dauka lehentasuna, bera delako berehalakoan kontsultatu eta balia daitekeena. Euskarri digital horien kalitatea hobetzeko egin beharko genuke ahalegina, hor ere aurreiritzi oro saihestuz eta objektibotasunez jardunez.