AEBko hauteskundeen harira, indarra hartu dute sare sozialen bidez hedatzen diren berriei, barreiatzen diren gezurrei eta bestelakoei buruzko eztabaidek. Horiek horrela, hainbat hedabidek, sareetan izan duten presentzia berraztertu dute, besteak beste, X sarean izan dituzten kontuak ezabatuz, bestelakoetara jauzi eginez edota orain arte izan duten presentzia indartuz. Nago oso berandu datorrela eztabaida hau.

Informazioa demokratizatu eta askotariko berriak eta informazioa toki batetik bestera hedatzen lagundu behar zuena, denboraren poderioz, beste edozer bilakatzen ari da. Hainbatek, sareek eskaintzen duten anonimotasuna baliatzen dute euren barruak husteko, demasekoak esateko, irainak zein gezurrak barreiatzeko eta abar. Egun, edozer topa daiteke: gaitz bati aurre egiteko sendabelar harrigarriren bat, gizateriaren gehiengoa akabatu nahi duen konspirazioren bat, lurra laua dela aldezten duen gizatalderen bat, bestelako planetetatik gure artera etorrita daudela diotenak eta abar luzea. Ez dira ez bat, ez eta bi ere, milioika baizik. Horri gehitu behar dizkiogu noiznahi zertan edo non dabiltzan azaldu nahi dutenen iruzkinak.

Uste dut informazioa hedatzeko eta kontrastatzeko baino ergelkeriak, sektarismoa eta doktrina barreiatzeko helduleku bilakatu direla sareak. Hori guztia gutxi batzuen poltsikoak ondo beteta. Alabaina, kontua ez dago sareetan bakarrik, askotariko hedabideetan ere bai! Ez dago ikustea besterik, irakurle edota entzuleek iruzkinak egiteko aukera ematen duten hedabideetan, zer jazotzen ari den. Herrak bezeroak mobilizatzen ditu eta horrek irabaziak areagotzen ditu. Horrez gain, hedabideak ez dira neutralak. Hala berean, kazetariak ere ez dira aseptikoak! Interesak dituzte, ideologia jakina, bai eta haien jarduna aldezten duten talde politikoak edota ekonomikoak ere. Adibide gisa, Valentzian gertatutakoaren harira, antzemango dugu hedabide jakin batzuen etengabeko ahalegina monarkia babesteko. Ikuspegi kritikoa beste kontu batzuetarako gordetzen da, bai eta haizagailua edo gaiei ez dagokien dimentsioa emateko joera ere. Sentsazionalismoak hedabideen kontsumoa indartzen du; egiak, ordea, bide laburra izan ohi du. Printzipio hori hedabide guztiei aplikatu dakieke, batzuk gardenak eta kutsagabeak direla adierazi arren, hori ere egia ez dela jakin arren.

Zenbaitetan, kontua ez da horren agerikoa, are sotilagoa da. Horiek horrela, maila berean ikusiko ditugu pandemiaz edo zernahiz berba egiten ibilbide luze bezain emankorra izan duen zientzialari bat eta arlote bat, ausarta, baina edozelan ere arlotea, ezjakina dena… eta batzuk pozik, demokraziaren izenean, guztiei hitza ematen zaielakoan. Nago aspaldi lausotu zela zerbitzu bokazioa eta gizarte erantzukizunaren printzipioa, sasoi batean oso modan zegoena. Horrela doa gure mundua eta gizartea!