Etxebizitzen aldarria
Urteak daramatzagu gai honen inguruan bueltaka, ganorazko irtenbiderik bilatu ezinda eta, bideratzen baino, egoera larriagotzen ari dela ematen du. Hasteko, nago gai honen inguruabarrean, demagogia lar egin dela eta ia dena lege batek bideratuko duela saldu nahi izan dela, hala izaterik ez dagoenean. Legeak hainbat hutsune zituen, besteak beste, erkidegoetako eskumenak ez zituelako errespetatzen; etxebizitza askoren jabeak jomugatzat hartu ziren eta, aldi berean, jabe apalagoen ahaleginak ez ziren kontuan hartu; gainera, oso desorekatua izan zen, maizterren eskubideak jabeen eskubideen aurretik jarri zirelako; etxeen jabeek, lehenagotik areagotzen ari zen egoera -okupatzen ziren etxebizitzak berreskuratzeko zailtasunak, ordaintzen ez zuten maizterrak kanporatzeko trabak eta abar- onbideratzeko baino larriagotzeko joera antzeman zuten eta abar. Horrek etxeen jabeak beldurtu eta milaka eta milaka etxebizitza atera dira merkatutik, errentagarritasunaren bila, epe laburragoak dituzten eta arrisku maila txikiagoa duten egonaldiak sustatuz edo, besterik gabe, etxeak hutsik edukiz.
Uste dut klase politikoak, bereziki, lege hori bultzatu zuenak, autokritika sakona egin beharko lukeela, begiz jotako helburuak bete baino egoera are zailagoa bihurtu dutelako. Hala berean, etxejabeak, ia gaizkile eta espekulatzaile gisa agerrarazi nahi izan direnen ondoan, tokiko administrazioaren jarduna ere kritikatu da. Errealitatea, ostera, bestelakoa da, hamarkadetan ustezko ezkerrak gobernatu izan dituen eremuetan gabeziak agerikoak baitira. Esandakoa, egoera ez da bera etxejabeei, ez eta erkidegoen zein tokiko administrazioen jardunari doakienez ere. Beraz, errealitatea askotarikoa denean, irtenbideak ere neurrikoak izatea erabakigarria da.
Etxebizitzen parke publikoa ez da berehala haziko, ez, gutxienez, beharrizanik handiena dagoen tokietan, ez eta behar den adina. Ondorioz, hainbat lan ildo landu beharko dira. Batetik, orekatu beharko dira maizterren eta jabeen eskubideen artean egun dagoen erabateko desoreka, jabeak etxeak alokairuan ez jartzera eraman dituena. Egun hutsik edo turismora bideratutako etxeak epe ertain edo luzerako alokairu bilakatzeak, eragin dezake, prezioari mugak ezartzearekin batera, eskaintza indartzea, prezioak murriztea eta etxeak eskuragarriago izatea.
Era berean, bizi-proiektua aurrera eraman ahal izateko, gazteei, bai eta zaurgarrienei bideraturiko dirulaguntza politikak ezinbestekoak dirateke, baina horrek ez du alokairuan jarritako etxebizitzen prezioa emendatzea ekarri behar. Bestetik, lurzoru pribatua publiko bilakatzeko prozedurak arintzea ere garrantzitsua da, bai eta parke publikoa haztea ere. Azken horri dagokionez, diru publikoarekin eraikitako etxeak babestea garrantzi handikoa da, gerora, espekulatzeko gai bilaka ez dadin, Euskadiko erakunde publikoek egin duten bezala.