Munduan sute bat amatatzen denerako beste bat pizten da, aurrekoa baino handiagoa eta horrek eragindako kalteak eta sorrarazitako sufrimendua ahaztera eramaten gaituena. Bigarren Mundu Gerraren ostean, potentzia nagusiek, bereziki AEBk eta Sobietar Batasunak, euren eraginpeko edo menpeko eremuetan banatu zuten mundua. Eta potentzia handien pean baziren bestelako estatu batzuk, boteretsuak zirenak eta eragin-eremuak ere izan zituztenak, baina azkenen pareko izatera iritsi ez zirenak. Halandaze, lurralde boteretsuen interesen arabera, gatazkak piztu ziren han eta hemen, hainbatetan nazioarteak ezer egiteko gaitasunik erakusten ez zuela.
Nazio Batuetako 195 herrialdeetatik eta beste bi soegileetatik bostek dute beto eskubidea: Txinak, Errusiako Federazioak, Frantziak, AEBk eta Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batuak. Bada, iraganeko zein gaurko gatazketan atentzioa jarriz gero, ohartuko gara beto eskubidea daukaten lurralde horien inguruabarrean, dela bakarka, dela beste herrialde batzuekin hitzartutako aliantzen bitartez, azaltzen direla jazotako gatazka gehien-gehienak. Beto eskubideak nahierara jokatzea ekarri du, bai eta NBen erakundearen eskuak lotzea ere. Horrek ezinbestean, arazoak iltzatzea, denboran iraunaraztea eta bidezko irtenbideak bilatzea ezinezko bilakatu du... Eta nazioarteak egoera hau aldarazteko urratsak egin beharko lituzke, behar diren neurriak eta erabakiak hartuz eta NBen demokratizazioa sustatuz.
Israelek ez lioke erasoaldiari eutsiko, ez eta hedatuko ere, baldin ez baleki AEBn erabateko babesa daukala. Hala berean, interes geopolitikoak daude babes honen atzealdean, esate baterako, petrolio erreserba ugari inguruan eta mundua mugiarazten duen petrolioa toki batetik bestera garraiatzeko garrantzi handiko azpiegiturak. Aurrekoak zein Iranen eragina, bai eta Errusiar Federazioaren interesak, daude ageriago edo ezkutuago auzi honetan. Horri gehitu behar zaio Israel estatua nola sortu zen, arabiarrak nola baztertu ziren, bai eta hasiera-hasieratik Israel bera suntsitzeko asmoz, arabiar batzuen ekina eta ahalegina nola gorpuztu den. Ez dago bizikidetza eraikitzerik, herritarren bizimodua duintzerik, batzuen zein besteen eskubideak aitortu eta gauzatzeko bermeak eskaini gabe. Elkar suntsitzeko estrategiak gatazka iraunarazi baino ez du egingo.
Gure artean, badira Israel gogor kritikatzen dutenak eta Israelek jasan ohi dituen erasoak, tartean, gatazka-aldi honi hasiera eman ziona, ahazten dutenak. Nago, testuingurua oso-osorik aztertzea komeni dela. Beharrezkoa dela, halaber, nazioartea erabat lotu duen eta esku hartzeko heldulekurik gabe utzi duen egoera onbideratzen hastea. Hori NBen funtzionamendua eguneratzetik eta bere eskumenak indartzetik datorke. Bestela, ez dago soluziorik, oihanaren legea nagusituko delako han eta hemen. Potentzia nagusiek maila lokalean bideratzen ari dira haien arteko norgehiagokak, baina goazen bidetik gatazkak zein halakoetatik eratorritako arazoak potentzia nagusietara ere iritsiko dira, zein baino zein indar handiagoarekin... Eta mundua ez da geroz eta seguruagoa izango, arriskutsuagoa baizik.