Síguenos en redes sociales:

Autoritarismoaren xarma

Sozialismoak zipriztindutako eremu utopiko eta idilikoa lortzeko norabidean, ezkerreko gizatalde batzuen erreferenteak Maduro, Putin eta antzeko alprojak badira, atera kontuak!

Venezuelaren inguruabarrean, Espainiako Diputatuen Kongresuan, asteon onetsi da Alderdi Popularrak aurkeztutako legez besteko proposamena, zeinaren bidez lurralde horretako presidentea aukeratzeko asmoz, deitutako azken hauteskundeen irabazlea oposizioko burua izan zela aldarrikatzen duen. Espainiako Gobernuari eraso egiteko eta higatzen saiatzeko helburuz, inork ez luke erabili beharko Venezuelan azken urteotan gertatzen ari dena, are gutxiago, Alderdi Popularrak, besteak beste, herrialde horretako herritarren gehiengoaren aldarrikapenak desitxura ditzakeelako. Badirudi PPk zernahi baliatu nahi duela Espainian Hauteskunde Orokorrak egin daitezen... Presa dauka, urduri dago, akaso, Alderdi Popularrari berari denbora agortzen ari zaiolako eta alderdi horretako barneko giroak edozein unetan eztanda egin dezakeelako.

Nolanahi ere, sakonera joanda, ikuspegi demokratiko batetik, sinestezina ez ezik onartezina ere bada Venezuelan jazotzen ari dena. Lurralde aberats baten gainbehera ikusten ari gara, herritarrak pobreziara, gazte andana atzerrira eta oposizioa jazartzen, akabatzen, aberastasuna gutxi batzuen mesederako baliatzen dituen eta giza eskubideak hankapean jarri dituen sistema antidemokratiko bati buruz ari gara. Horiek horrela, harrigarri suertatzen zait ikustea gizarte honen zenbait sektore Gaza eta antzeko kontuak tarteko direnean, oso aktibo azaltzen direla. Halako zein bestelako gaietan, aldiz, bestelakoa da jarrera, otzantasuna edo, are okerragoa dena, Venezuelan dagoen erregimenaren aldeko jarrera. Lehenago ere ikusi ditugu halakoak, Errusiak Ukraina erasotzeari ekin zionean, kasurako.

Sozialismoak zipriztindutako eremu utopiko eta idilikoa lortzeko norabidean, ezkerreko gizatalde batzuen erreferenteak Maduro, Putin eta antzeko alprojak badira, atera kontuak! Eta, guri dagokigunez, bilatzen duten gizarte-ereduari buruz ere ondorioak atera! 

Historiari erreparatzea baino ez da behar muturreko ideologiek zer ekarri diguten konturatzeko, gizateriari egin dioten kalteaz jabetzeko. XX. mendean, erregimen totalitarioek milioika pertsonaren heriotza, erbestea, txirotasuna eta kalamidadeak ekarri zituzten, ez besterik, eta XXI. mendearen lehen laurdenean ere bai! Eta sistema totalitario bakoitzak ahaleginak eta bi egin eta egiten ditu denboran irauteko, herritarren ongizatearen eta borondatearen gainetik zein azpitik.

Sistema totalitarioen aldezleek sistema demokratikoaren zimentarriak eta onurak baliatzen dituzte bidea egiteko. Agintera iristean, ordea, sistema demokratiko horren oinarriak ezabatzen saiatzen dira, bai eta herritarrak doktrinatzen, isilarazten, borondateak moldatzen, ezabatzen eta kontra dauden guztiak ezerezera kondenatzen ere. Zinez, ez dago gauza okerragorik demokrazian sinesten ez dutenei boterea ematea baino. Horrexegatik, Napoleon Txiki ugari dauzkagu bazterrotan, autoritarismoaren oihalpean zerbait direla uste dutenak.