Ameriketako Estatu Batuen hauteskundeen inguruabarrean, bada dioenik Joe Bidenek lekukoa besteri eman beharko liokeela. Urte gehiegi dituela eta adimenez urri omen dabilela. Horiek horrela, gehien-gehienek zalantzan jartzen dutena agerian jartzen da: irabaziz gero, agintaldia bururatzeko gauza izango ez litzatekeela. Hala berean, behin baino gehiagotan izan dituen hanka-sartzeak gaitasunez ere mehe dabilela iradokitzen omen dute.
Horretara iritsi gabe, gurea lako gizarteetan iltzatzen ari da halako joera non adinekoen eskarmentua, denborak erakutsitakoa eta gaitasuna baztertzekoak diren. Harrituta ikusten dut baleko pertsonak behin adin batera iritsita, zeinen erraz amortizatzen (baztertzen are hobeto esanda) diren... eta horiek ordezkatuz edo, are gazteagoak nola hobesten edo aldezten diren. Ez dut uste halako mezuak indartu beharko genituzkeenik. Buruan dudan gizartean, denon ahaleginak zein ekarpenak eskudatzen ditut, guztien ekarpenak beharrezkoak baitira, adina gorabehera.
Eremu pribatuan, hala moduzko ibilbidea egin duenak eta ekarpen esanguratsurik egiteko kapaz ez denak, nekez helduko die bestelako zereginei edota ardurei. Ondorioz, adina ez da erabakigarriena nahiz eta jakitun naizen gizarte honetan estereotipo moduko bat nagusitzen ari dela, adinkeriarena, pertsona nagusiak kontuan hartzen ez dituena. Akaso, arrazoia sare sozialetan azaltzen dena izango da. Bada, aise topatuko duzu adineko jendea honelako edo halako ekarpenik egiten diharduena... Alabaina, adinekoak gizartean egiten ari diren ekarpen hori ia oharkabekoa da, baina, azken batean, adineko pertsonak dira elikagaiak biltzeko kanpainetan, zaurgarrienak zaintzeko eginahalean, beste adineko batzuen bakardadea arintzeko saioetan edo, besterik gabe, bizitzan pilatu duten esperientzia gazteagoekin partekatzeko zereginetan engaiatzen direnak.
Hainbatetan azpimarratu da gure gizartea zahartzen ari dela eta are zaharragoa izango dela etorkizunean. Munduko lurralde batzuetan, puri-purian dago gertaera hori. Dena dela, ez daukagu eskubiderik gure aurrekoen ekarpena apalarazteko, ez eta are ikusezinago bilakatzeko ere. Gizarte garaikidea kohesionatzearen ikuspegtik, adineko pertsonek eman eta ematen digutenagatik, egun duten eta geroan izango duten pisuagatik, gizartearen aurrerabidean egiten duten ekarpenagatik, horiengatik guztiengatik eta gauza gehiagorengatik ere, adineko pertsonen ekarpena, balioan jartzea justizia kontua da... Bai eta guretzako onura eta komenentzia ere, gizartea mugiarazten duen gurpilak ez baitu bira egingo gure nagusiek gogotik eragiten ez badiote. Balioan jar ditzagun, euren ekarpena bistaratu dezagun eta denon artean, gazte eta ez horren gazte direnen artean, segi dezagun aurrerantzean elkarri eskua emanez, elkarrekin jardunez.