Politikaren zurrunbiloa horren doa arin ezen duela gutxiko gertaera bat beste eskandalu, makurbide edo dena delako batek ia berehala estaltzen duen. Izan ere, Espainiako gobernuburuak, Pedro Sanchezek, Kataluniako hauteskundeen inguruabarrean, bere emaztearen kontrako salaketak aitzakiatzat hartuta, bost eguneko etenaldia egin eta gero, lau haizeetara barreiatu zuen Espainiako politika eta erakundeak onbideratzeko ekimenak abian jarriko zituela.
Nago, gogaldiaren helburu politiko nagusia bere alderdiaren inguruan ahalik eta boto gehien jasotzea eta Katalunian deituta zeuden hauteskundeak irabaztea zela. Bestela, ezin uler daiteke iragarpena egin eta gero, inolako neurri-erabakirik ez hartzea. Halakoen esperoan, alderdi sozialistaren eta popularraren arteko akordio politikoa gertatu da, zeinaren bidez, epaileen organo nagusian bi alderdien arteko botere banaketa berria hitzartu den. Horra hor, berriro ere kontraesana agerian, politikaren esku-sartzeetatik kanpo egon beharko lukeenak politikaren eta estatuko alderdi nagusien interesen menpeko. Pentsatzekoa da, bi alderdi nagusiek aldeztu duten akordioa aurrera aterako dela eta, horren ondoren, organo desberdinetan izendapen andana egingo direla, batzuen interesak kontuan hartuko dituztenak.
Akordio horretarako ez ziren bost urte behar! Askoz lehenago egin zitekeen; alabaina politika ikusizun bilakatu den honetan, ez zen komeni… edo ez zen nahi. Niri itxuragabea iruditzen zait bost urteren ondoren jazo dena, areago gobernua sostengatzen duten alderdiek hedabideen bitartez jaso dutelako horren berri. Partez, desleiala ere iruditzen zait, Espainiako gobernagarritasunean inplikatu direnak halaxe enteratu direlako eta horietako hainbatek hautestontzietan ordaindu behar izan dutelako P. Sanchezi emandako babesa. Baina halaxe dira kontuak, eskrupulurik ez dagoenean eta dena balekoa dela uste eta edozelan justifikatzen denean. Aurkariak izan direnak adostasunaren mama gozotik esnea hartzen, akordioa ikusita, blokeorako motibo funtsezkorik egon ez denean.
Gertaerak ekarriko dituen ondorioez jabetzea kostatzen zait. Hasteko, enegarren aldiz deskonfiantza giroa piztuko delako gobernua sostengatzen dutenen artean, hemen zein, bereziki, Katalunian, non Generalitateko burua izendatu behar duten eta, doazen bidetik, inor ez izendatzea eta udazkenean hauteskundeak berriro errepikatu behar izatea suerta daitekeen. Zer esan, datorren urteko aurrekontuez, aurtengo udazkenean onetsi beharko liratekeenak eta, onesten ez badira, gobernuaren porrota ekarri eta Hauteskunde Orokorrak deitzea sorraraz dezaketenei buruz. Alabaina, akaso, mugimendu honek badauka gobernu honen ostekoaz zer ikusirik ere, hots, etorkizun hurbilean beste gehiengo bat egon daitekeela eta, interesatzen direnak organo jakinetan daudela segurtatzea, inolako jazarpenik edota kontu-kitapenik egiteko modurik egon ez dadin.
Nabarmentzeko: “Niri itxuragabea iruditzen zait bost urteren ondoren jazo dena, areago gobernua sostengatzen duten alderdiek hedabideen bitartez jaso dutelako horren berri”.