AURREKO astean, etengabe azpimarratzen ari ziren Galizian aldaketa gerta zitekeela eta, horretarako, nahikoa izan zitekeela parte har-tzea areagotzea. Aurreikuspen horiek izan genituen hizpide EiTBko saio batean. Txanda iristean, aditzera eman nuen aurreikuspen horiek ez zetozela bat beste azterketa batzuetan sumatzen ziren joerekin eta, akaso, ustezko aurreikuspen horiek desiratik gehiago zutela eta errealitatea bestelakoa izango zatekeela. Bada, igandean, PP alderdiak emaitza esanguratsuak eskuratu zituen, erabateko gehiengoari eutsi ziolako eta, partaidetza gehitzearen eta alderdi sozialista gainbehera etortzearen ondorioz, milaka eta milaka boto eskuratu zituelako. Ezkerreko blokean, BNG alderdiak emaitza ikusgarriak erdietsi ditu. 2016. urtean desagertzear egon zen mugimenduak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu... Eta horrek aldean ekarri du ezkerreko bestelako alderdien gainbehera are handiagoa izatea. Uste dut bizi garen gizartean gero eta zuhurrago ibili behar dugula iragazkirik gabe eta asmo betez barreiatzen diren berri eta informazioekin. Hainbatetan, epe laburrerako estrategiak direlako halakoen atzealdean daudenak. Laster, gurean izango dira hauteskundeak. Eta gure sisteman, badira Galizian ez dauden berezitasunak. Hasteko, Eusko Legebiltzarrerako eserlekuen banaketa ez da lurralde bakoitzak daukan biztanleriaren araberakoa. Horrek badakar, ezinbestean, lurralderen batean eserlekua eskuratzea errazagoa izatea beste batean baino. Bestetik, barruti bakoitzean, eserlekua lortzeko lortu beharreko gutxieneko boto kopurua txikiagoa da hemen Galizian baino. Horrexegatik, EH Bilduren hautagaia Arabatik aurkeztuko da. Horren arrazoia ez da hautagaiaren jaioterriaren eta Arabaren arteko ustezko lotura, kalkulu elektorala baizik. Hargatik aipatzen da behin eta berriz jesarleku gehien dituen alderdiak Lehendakaritza eskuratu beharko lukeela eta ez, ordea, boto gehien eskuratzen duenak. Sistemaz baliatu nahi da sistema hainbatetan kritikatu duena. Kalkuluak dira, halaber, politika publikoez aritzean orokortasunari lotzeko joera. Xehetasunetara iritsiz gero, ustez irabazita dituenak edota limurtu nahi dituenak gal ditzakeelako... Eta estrategia horren arrimuan ikusi behar da azkenaldian EAJ alderdiarekiko esandakoak ere bai, dezakeen guztietan EAJ baztertzea izan delako, badelako eta izango delako EH Bilduren estrategiaren ardatza. Amarru horretaz konturatzen ez dena sineskor hutsa da… Hautagaiak badaki ezkerreko alderdien gainbehera eta alderdi sozialistaren ustezko higadura ez direla nahikoa; beraz, beste eremu batzuetara egin behar du jauzi, benetako asmoak gehiegi erakutsi gabe, zehazki, zer egin nahi duen argitu gabe... eta uste dut herritarrei ezin zaiela iruzurrik egin, gauzak garbi adierazi behar zaizkiela, azken batean, herritarrek, horren arabera, aukeratzeko era eta irizpideak izan ditzaten.