Hauteskundeak igaro direlarik, Espainiako Gobernua eratu ahal izateko negoziazioak abian direla, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarri gara… Oraindik, baina, ez dago zehatz jakiterik noiz izango diren. Hasteko, bestelako matazak badaudelako, askatu behar direnak eta, ondorioz, deialdia baldintza dezaketenak. Nolanahi ere den, hasi dira grebarako eta askotariko mobilizazioetarako deialdiak egiten. Esango nuke halako egutegi bat zehaztuta dagoela, gizartean endredoa eta ezinegona sorraraztea beste helbururik ez duena. Ez da harritzekoa, sindikatu bateko buruzagiak harrokeriaz adierazi baitzuen Euskadi zela lan-gatazka luzeenak eta greba-deialdi gehien dauzkan erkidegoa eta haatik zeudela hemen beste inon baino baldintza hobeak. Hori entzunda, gurean inon baino baldintza hobeak baleude, pentsatzekoa da baldintza horiek are hobeak izan daitezen bilatzen dela… Eta ez dakit hori bidezkoa ote den, are gehiago, baldintza eskasagoetan lanean ari diren herritarrak eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak jopuntuan jarri nahi direnean.

Euskadiko eremu publikoan grebarako deialdiak egiten badira, ez dakit zergatik arrazoi berbera baliatuz Nafarroan egiten ez diren. Izan ere, ia eragile berberak daude Nafarroako Foru Komunitatean eta lan-baldintzak ez dira hobeak, eskasagoak baizik. Hortaz, pentsatzekoa da greba zein bestelakoetarako deialdirik egiten ez bada edota mobilizazioen intentsitatea apalagoa bada, ez dela arrazoi sindikalengatik, politikoengatik baizik. Izan ere, Euskadin mobilizatzen diren sindikatu gehienek halako isla dute Nafarroako Gobernuan, eta hartara, gobernuan hartzen diren eta ezartzen diren baldintzak babesten dituzte, zuzenean edota zeharka.

Zalantza izpirik gabe, jendeak lan-baldintza duinetan egin behar du lan, galdera da muga non dagoen. Hala berean, aztertu ote dugu eremu publikoan eta pribatuan jardutearen artean sortzen ari garen etena, geroz eta handiagoa dena? Konturatu ote gara enplegatu publikoen egonkortze prozesua bideratzen ari garela berdintasun printzipioak albo batera lagata? Beharbada, gaitasun eta merezimendu gehiago dituzten herritarrak bazterrean utzita? Ezen egonkortze prozesuak, batez ere, daudenei egiten die mesede. Milaka lagun aurkezten dira aldiro-aldiro egiten diren lan-deialdi publikoetara; eremu pribatuan, ostera, langileak falta dira sektore askotan… Eta guztietan, arrazoia ez da baldintzak eskasak direla, eremu publikoan eskaintzen direnekin lehiatzeko modurik ez dagoela baizik.

Asko hitz egiten dugu baldintzez eta eskubidez, eta emaitzez? Eta enplegatu publikoen lan-ordutegi efektiboz, produktibitatez, kalitatez, konpromisoz, erantzukizunez eta abarrez? Zergatik daukagu eremu publikoan estatuko absentismo tasarik handiena, baldintzak are hobeak direnean? Zergatik tasa hori handiagoa da eremu publikoko zerbitzu eta eremu batzuetan bestelakoekin alderatuta? Zergatik gero eta bitarteko gehiago bideratu behar dugu lehenago egiten ziren gauza berberak egiten? Zergatik zerbitzuen maila ari da eskasten, are bitarteko eta enplegatu gehiago dauzkagun arren? Galdera gehiago bururatzen zaizkit, hezkuntzaz, administrazio orokoraren funtzionamenduz eta abarrez. Kontua da galderak deserosoak direla eta inor gutxik egin nahi duela azterketa sakonik dauzkagun giza baliabideak eta diru-baliabideak eragingarritasun handiagoz balia ditzagun. Halakoetan, are errazagoa da eztabaida ekiditea, zergen bitartez diru gehiago bideratuta eta administrazioa sostengatzeko behar diren bitartekoak haztea.