Bizi garen gizartean, mementoak agintzen du. Hori horrela, txio txiki baten bitartez astakeriarik handiena lau haizeetara barreiatu, polemika eta protagonismoa bilatu eta, kontua agortzen denean, aurreko iruzkina beste astakeria are handiago batez isilarazten da. Nago, herritarren ordezkaritza lortu nahian ari diren guztiek azaldu beharko luketela agintaldi bakoitzean, zehazki, zer egin duten, bai eta herritarren babesa lortuz gero, zer egin asmo duten ere... Baina, erdi egiak, gezurrak edo inoren lorpenak norberarenak balira bezala saltzea da modan dagoena.
Feijóo ala Sánchez, horixe da etengabe azpimarratzen digutena. Aukera bata eskasa, eta bestea are eskasagoa. Batetik, Espainiako gobernuburuak behin eta berriz emandako hitza bete ez duelako, lagundu diotenekiko leialtasunez aritu ez delako eta, gobernatzeko orduan, harrokeria eta bestelako nagusikeriazko jarrerak zimentarri izan dituelako. Hargatik sortu eta sortzen du kontrakotasuna hainbatengan, politiketatik haratago, politika egiteko moduek eta jarrerek jendea alden dadin ekarri dutelako. Feijóok, ostera, Sanchéz presidentearen kontrako giroa baliatu nahi du bozen poltsa gizentzeko eta gobernuburutzara iristeko. Baina oraindik ere ez digu argiro adierazi zer egin nahi duen, ez eta, inkesten argitan, norekin gobernatuko duen. Alabaina, gobernatuz gero, aise igar daiteke eskubideetan atzera egingo dugula, zaurgarrienak babestera bideraturiko giza politikak murriztuko dituztela... eta VOX alderdiarekin gobernatuko duela, horrek dakarren ondorio guztiekin.
Amaitzen ari den legealdiari erreparatzen badiogu, EH Bilduk ez zuen Rajoyren azkena ekarri zuen zentsura mozioa babestu; abstenitu egin zen. Orain, berriz, badio beharrezkoa izan balitz, alde bozkatuko zukeela. Era berean, PSOE eta Podemos alderdien estatuaren ikuspegi zentralistatik eratorritako araubideen alde egin du, nahiz eta guztietan, hasierako proposamenetan, gure autogobernua baldintzatzen eta zentralismoa indartzen zuten. Esan gabe doa gai horretan eta bestelakoetan EAJ izan dela autogobernua zaintzeaz arduratu den bakarra eta, hala berean, politika aurrerakoiei bultzada erabakigarria eman diena. Badakit EH Bildu halako euforia memento batean dagoena, Podemosen ustezko deskalabrutik jasoko dituen bozek indartuko duelakoan baitago. Litekeena da EH Bildu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei areago begira egotea, igande honetakoei baino.
Auzia ez da Feijóo ala Sanchéz hautatzea, bi gezurteroren arteko kontura mugatzea. Auzia da nork emango dien balioa euskal agendari, autogobernuari, eskubide zibil eta politikoei, gure industriari, azpiegiturei, kulturari eta euskarari, garapen jasangarriari, ogasunari... Afera da eskumenak mahaiaren gainean nork jarriko, eta hor ez dago ezbairik, ibilbideei erreparatzea besterik ez da behar. Akaso, polarizazioak abertzaletasun demokratikoaren emaitzak lausotuko ditu, baina seguru nago, emaitzak zeinahi direla, ahots sendoa eta zolia izanen dugula Madrilen. Gero etorriko dira bestelako kontuak eta zereginak, tarrapataka ibili beharrak bideratu gabe utzitako kontuak, orain arte eginiko bidea erreparorik gabe aztertzea eta abertzaletasun demokratikoaren etorkizunerako ibilbide orria zedarritzea. l