Bada aspaldiko ipuin bat, Hans Christian Andersen daniar idazlearena, jantziez gehiegi arduratzen zen enperadore bati buruz ari dena. Halako batean, bi lotsagabe hurreratu zitzaizkion esanez oihalik ederrenak erabiliz jantzi bat egingo ziotela eta delako arropak berezitasun bat izango zuela: ikusezina izango zen, besteak beste, haien lanpostuan aritzeko adinako mailarik ez zutenentzat. Enperadorearen jantzi berriaren kontua herritarren artean ere zabaldu zen. Enperadoreak ustez josten ari ziren jantzia ikusterik ez eta bi morroi bidali zituen. Eta horiek, lanpostua galtzeko arriskuez oharturik, ikusten ez zuten jantziaren edertasunaz hitz egin zioten. Ipuinaren amaierak dioenez, enperadoreak, ustezko jantzia soinean zeramala, hiriko kaleetan desfilatu zuen, herritarren harridurazko berba eta lausenguez lagundurik… harik eta haur batek larrugorritan zihoala oihukatu zion arte!

Nago ustezko jantzi ederretatik eta egingarri ez diren promesetatik haratago, errealitatean jarri behar ditugula oinak udal eta foru hauteskunde hauei buruz berba egiten dugunean. Hasteko, gure sistema etengabe higatzen duen baieztapen bati aurre egitea komeni da. Gero eta zabalduago dagoen iritzi-korronte horren arabera, erantzukizun politikoak dituztenak haien probetxurako ari dira eta ez du merezi hauteskundeetan parte hartzeak. Larria izanagatik ere, hutsaren hurrengoa da haien karguez baliatzen direnen kopurua eta, aldiz, gehiengo zabala da maila guztietako herri-erakundetan gure gizartearen aurrerabiderako ari direnak, gehien-gehienak musutruk. Bestetik, badago gizartean inkestez gehiegi fidatzen dena eta, horiek ikusita, bere parte hartzea beharrezkoa ez dela uste duena. Iraganak erakutsi digu egiazko inkesta bakarra maiatzaren 28koa izanen dela eta, hainbatetan, oso boto gutxiren bueltan, bateko edo besteko gehiengoak osa daitezkeela, beraz, boto guztiak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak.

Hauteskundeetan aurkezten direnak ez dira, oro har, gure artean berriak. Ondorioz, bakoitzak azaldu beharko luke ardurak izan dituen eremuetan, zehazki zer egin duen, bai eta aldi berrian zer egitea proposatzen duen ere. Hemen ez baikabiltza Espainiako Gobernuak egiten duenaz, ez eta bere politikez ere… hemen ez baikara ari Eusko Jaurlaritzako Sailen kontuez, herri, eskualde eta lurraldean egin denaz eta egin nahi denaz baizik. Lurraldearen kohesioa da hizpide, hiriak, landa eremuak, kostaldea eta barrualdea bilbatzeari buruz ari gara, besteren artean, azpiegituren, mugikortasunaren zein bestelakoen bidez. Jarduera ekonomikoa sostengatzeaz eta biziberritzeaz ari gara, bai eta gizarte zerbitzuak kudeatzeaz eta hedatzeaz, horretarako, fiskalitate orekatu eta egoki bat plantan jarriz. Finean, lurraldeak eta udalek aurrera egiten segi dezaten, politika publikoak koordinatzeaz eta uztartzeaz ere ari gara.

Hauteskundeen arrimuan, badira orokortasunean galtzen edota, gobernatzeko aukerarik izateko esperantzarik ez dutenez, kea saltzen saiatuko direnak. Bestalde, badira, ageriko mugen eta baliabideen jakitun, proposamen egingarriak egingo dituztenak. Badira, hauteskundeak norgehiagokarako baliatu nahiko dutenak, udazkenean eta datorren urtean izango diren hauteskundeen abiapuntu gisa hartuta… Gaur eta hemen, gure herrien eta lurraldearen etorkizunaz ari gara: etxebizitza politikaz, kohesioaz, bizikidetzaz, mugikortasunaz, trantsizio ekologikoaz, zaintzaz, zahartze aktiboaz, gizarte zerbitzuez, kulturaz, gure hizkuntzaz eta abarrez ari gara… eta alor horietan guztietan, badira berrogei urte pasatxoan, hutsune, hanka-sartze eta guzti, gure ongizatea, gure bizi kalitatea eraikitzeko lanean ibili direnak eta egiteko horretatik oso aparte, lurraldea eta herriak birrintzen eta zatitzen, jardun dutenak. Har dezagun kontuan, beraz, bakoitzak orain arte egin duena, bai eta egiteko erakutsi duen gaitasuna ere!