Gure gurasoek ez zuten ia-ia jaiegunik eta astelehenik igandera arte egiten zuten lan, baldintza zailetan eta soldata eskasa poltsikoratuta. Egoera hori aldatzen joan da, gizarteak aurrera egin duen neurrian. Hori horrela, langileek, lehenbizi, igandeak libratzea lortu zen. Horren ondoren, larunbatetan egun osoan lanean jardutetik, goizez aritzera igaro zen, harik eta, larunbatak, hainbatentzat, atseden egun bilakatu ziren arte. Batzuentzat diot, oraindik ere baitira gure artean askotariko negozioak sortu edota mantentzen dituztenak eta lanegunak zein lanorduak luzatu beharrean daudenak.

Badiote, sasoi bateko jendea lanerako bizi zela eta gaur egun alderantziz gertatzen dela, lana ahalik ondoen bizitzeko egiten dela, hain zuzen... ez dakit gauzak horrela norainokoak diren, ez eta printzipio hori gizartearen alor guztietan, era simetrikoan, gertatzen den ere. Egun, bilduta dauzkagun datuak gizarteratu bagenitu, zein da enplegu publikoaren eboluzioa lan egiteko adinean dauden guztiekiko, zeintzuk sektore publikoko lanordu efektiboak, absentismo-tasa, bai eta lan baldintzak ere, eta, zeintzuk gizartearen gainerako eremuetakoak? Eta, eremu pribatuan, norbere konturako langileen edo autonomoen eta gainerako langileen arteko alderaketaren emaitza?

Eremu pribatuan, lanegunak doitzeko eta soldatei eusteko ahalegina egin ahal izateko, ezinbestean, produktibitateak gora egin beharko luke, horrek berarekin lekarkeelako saltzen diren produktu eta zerbitzuen irabazi-marjinei heltzea eta lan-baldintzei zelanbait eutsi ahal izatea. Bestela, produktuen edota zerbitzuen prezioak igo egin beharko lirateke eta, horrek, eragina izan lezake enpresen-eta lehiakortasunean, eta hortaz, merkatu-kuotan eta enpleguan. Besterik litzateke esfortzu kolektiboa egingo balitz, non langileak soldatak jaisteko prestutasuna erakutsi beharko luketen, lanegun gutxiago egitearen truke. Nago gauza hauek ezin direla lau haizeetara besterik gabe barreiatu, gaiak dauzkan ertzak ongi aztertu eta izan ditzakeen ondorioak aurreikusi gabe.

Egongo da dioena esperientzia abian jarri den tokietan emaitzak onuragarriak izan direla. Kasu guztietan ez da horrela gertatu, esperientzian parte hartu duten hainbatek ez diotelako segidarik eman! Izan ere, aztertu beharko lirateke halakoak egin diren tokietako gizartearen eta ehun ekonomikoaren baldintzak eta ezaugarriak eta gureekin alderatu, dena ez baita mimetikoki eta era automatikoan berdin erreproduzitzen. Hori horrela, beldur naiz halako kontuak iradokitzen direnean, sektore publikoa ez ote dagoen batzuen buruetan, bera delako halakoak bideratzeko erraztasun handienak dituena... eta horretan, lanorduak murriztea bezala, lanegunak murriztearen ordaina litzateke enplegatu publikoen kopurua emendatzea eta, horri eusteko, herritarren, enpresen eta autonomoen bizkar jarritako gainzama indartzea. Eta ez dakit halakoetarako bitartekoak dauzkagun, bai eta, ezeren truke, egoera ezin duinagoan ari diren enplegatu publikoen baldintzak are hobeak izan daitezen prest geundekeen, enplegatu publikoen eta gainerakoen arteko arrakalan areagotzeko borondatea daukagun eta eredu hori nahi eta sostengatu dezakegun ere!