Aurreko batean, Espainiako Gobernuko kide batek bazioen herritarrek kezka handia dutela epaileen goi-organoaren berritze kontuekin gertatzen ari dena. Baieztapen hori egiteko, metroan entzundako ustezko elkarrizketak hartu zituen oinarri modura. Nire iritziz, ordea, herritarren kezkak beste batzuk dira, adibidez, prezioen gorakada, hilaren azkenera iristeko zailtasunak, Errusiak abiarazitako gerra, horren ondorioak eta abar. Herritar gehienak, neu horien artean, halako eszeptizismo puntu batez ikusten dugu kontua, ez garrantzirik ez daukalako, interes judizialak eta politikoak dabiltzalako auziaren inguruan jiran baizik.

Ematen ari den irudi lotsagarriaren ildotik, estatuaren botere esanguratsu baten desprestigioa gertatzen ari dela azpimarratu ohi da. Esango nuke irudi hori ez dela eskuartean dugun egoeraren emaitza bakar-bakarrik. Izan ere, irudi hori ondo baino hobeto irabazi dute epaile batzuek, hainbat arlotan hartu dituzten erabakien inguruabarrean, erabili dituzten sasi-argudioen bitartez. Adibideak ugariak dira, osasun arloan, hizkuntza kontuetan, eremu sozialean, politikoan, bai eta instituzionalean ere. Epaile batzuek uste dute haiek direla estatuaren zertasun eta muinen zaindariak eta haien ideologia atzerakoia eta aurre-demokratikoa ezartzen saiatzen ari dira askotariko erabakien bidez... Eta halako kontuei, korporatibismo hits batez edota erabaki judizialei zor zaien zorigaiztoko begirunez erantzuten zaie, erabateko gaitzespena merezi duten arren.

Zergatik horrenbeste sestra eta itzulinguru organo hori, bai ala bai, berritu behar denean? Organo horren osaerak epaileen izendapenak baldintzatzen dituelako eta eragin dezakeelako beste erakunde batzuetako gehiengoetan, esate baterako, Konstituzio Auzitegiaren osaeran. Ez dezagun ahaztu egungo korrelazioa kontuan hartuta, eskuineko alderdiak ari direla botere legegileak edota exekutiboak hartutako askotariko erabakiei helegiteak jartzen, tartean, Konstituzio Auzitegian... Eta herritarren eskubideak zabaltzeko hartutako zenbait legeren inguruan ebatzi behar duela auzitegi horrek... Eta, bestetik, esan barik doa interesak ere badaudela are lanpostu hobea edo promozioa helburu duten epaileen aldetik.

Epaileen erakundearen ospea lohitzeko kezka dutenek ahalegindu beharko lukete, saiatzen direna baino kemen handiagoz, justizia herritarren errealitatera gerturatzen; protagonismo bila ari diren epaileen egoak baretzen; justizia berritzen, prozeduretan, erabakiak hartzeko moduetan eta abar; justizia bizkortzen, denboran luzatzen eta betikotzen diren auzien kopurua murriztuz. Bai, gogotik saiatu beharko lirateke, ez hitzez, ekintzez baizik, erakusten, justiziaren aurrean, guztiok berdinak garela... Interferentzia eta interes oro alboratzen ahalegindu beharko... Ez dakit, ordea, halakoetarako, egiatan, interesik ote dagoen!