Mesa de Redacción

Amaieraren hasiera

27.12.2020 | 00:58
Amaieraren hasiera

Heldu da amaieraren hasiera. Gaur hasi da txertaketa kanpaina Euskadin lehen 405 dosiekin. Ez dirudi gauza asko denik. Hurrengo hamabi asteetan 193.050 txerto helduko dira guztira, eta, horiekin 100.000 pertsona inguru inmunizatzea lortuko da. Euskadiren populazioa 2.178.138 biztanlekoa dela kontuan izanik, martxoaren bukaerara heltzean herritarren %4,59ak baino ez du birusa inolukatuta izango Pfizer-BioNtech botika etxeek asmatutako txertoaren bidez. Ondotxo dakigu zer esan nahi duen horrek: maskara, gel hidroalkoholikoa eta distantzia bidelagun izango ditugula 2021an ere. Baina aurreko urtearekin alderatuta baditugu abantailak: jadanik ez dugu pandemia hitzaren esanahia hiztegian bilatu behar, PCR eta antigeno proben ezberdintasuna zein den badakigu eta transmisioak ekiditeko neurriak banan-banan aipatu ditzakegu. Erresuma Batutik datorren koronabirusaren aldaera berriak hasi behar dugun urteari ziurgabetasuna gehitzen dion arren, informazioa boterea dela gogoratu beharko genuke. Baita azken urtean zehar kutsatzeak sahiesteko Mendebaldean aplikatu ditugun neurriak munduko edozein herrialdek baimendu ezin ditzakeen luxua direla, edonola ere permititu ezin dezakegun luxua den bezala neurri horiek ez betetzea. Iraupen-lasterketa oraindik ez da bukatu, helmuga zerumugan agertzen ari dela badirudi ere. Amaieraren hasieraren iraupena gure esku egon daiteke. Pazientzia. Eutsi.

aaraluzea@deia.eus

Más información

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia