Mesa de Redacción

Ezkutuko bidaiariak

22.11.2020 | 01:05
Ezkutuko bidaiariak

Inkestek erakutsi dutenez Estatuko biztanleen herenak nahiago du ez txertatzea, ezer gaizki irtenez gero hobe delako hirugarren batek pairatzen baldin baditu albo-ondorioak. Bitartean, hasi da botika etxeen arteko norgehiagoka. Modernak bere txertoa %94,5ean eraginkorra dela esan duenean, egun batetik bestera Pfizerrek %95ra igo du apustua. Ea nork duen handiagoa. Laster etorriko dira beste debate batzuk: ea zein erkidegok jasotzen duen eraginkortasun gehien erakutsi duen txertoa. Baina hori gehiegi aurreratzea da. Egunotako eztabaidaren ardatza derrigorrezkotasuna ezarri ote daitekeen da. Eta ez da debate inozoa. Ana Rosa Quintanak, esaterako, baldintza bat ipini du men egin eta txertoa jartzeko: gobernukideak izatea pausoa ematen lehenak. Hau da, Fragak istripu nuklearraren ondoren Palomaresen emandako bainua antzeratzea eskatzen du. Mesede eskasa egiten dio telebista aurkezleak gizarteari horrelako adierazpenekin. Izan ere, gaixotasuna gainditzeko beharrezkoa den talde-babesa lortzea denon ardura da, ez lehentasuna izateagatik adorea erakutsi behar duten kolektiboena bakarrik. Txertoaren kontrako erresistentzia hori ezkutuko bidaiariaren fenomeno bezala ezagutzen da; talde-babesaren onurak jasoko dituztelako arriskurik hartu gabe, hau da, txartelik ordaindu gabe. Polizoiak gutxi badira ez da arazorik egongo. Baina berekoikeriak egungo gai-zerrendan duen presentzia zein den jakinik aurpegihandiak larregi izan daitezkeela dirudi.

aaraluzea@deia.eus

Más información