Mesa de Redacción

Beste pandemiak

13.09.2020 | 01:18
Beste pandemiak

Denbora tarte laburrean gaitz beraren inguruko bi albiste ezberdin irakurri ditut. Hilabete hasieran Polizia Nazionalak 20 eta 25 urte bitarteko lau turista frantses atzeman zituen Sevillan, adin-txikiko bi neskato bortxatzea egotzita. Alkohol kopuru handia eman ostean, alokatuta zuten etxebizitzara gonbidatu zituzten eta han burutu zuten delitua. Zorionez, Parisera zihoan hegazkinera igo baino lehen atxilotu zituzten, aireportuan. Bigarrena hurbilago jazo da, Gasteizen. Ertzaintza uztailean gertatu omen zen taldeko sexu eraso bat ikertzen ari da. Dirudienez, 17 urteko nerabe bat bortxatu zuten adin txikiko zazpi erasotzailek. Euretako bik ez dituzte 14 urte zenbatzen. Neskatila aurretiaz ezagutzen zuen mutikoetako batekin lotu zen, baina hura ez zen bakarrik agertu. Biktimak salatu zuenez, sexu orala eta koitoak izatera behartu zuten hiriaren kanpoaldeko eremu baten. Jazarleak adingabeak direnez, zigorrak leunagoak izan daitezke. Gertakari hauek ez dira anekdotikoak. 2016tik, gutxienez, 197 taldeko sexu eraso erregistratu dira Espainian, Feminicidio plataformaren arabera. Eta ez da kasualitatea urte horretan zenbatzen hasi izana, La Manada auziak aurrekari bat ezarri zuela baitzirudien. Baina aurten, jai giroan eman ez direlako, akaso, oharkabean pasatu dira honelako albisteak. Eta okerrena ez da gizartea harritzeko gaitasuna lurrundu izana, kaleak sutan jartzeko ahalmenaren galera baino. Ez ditzagun beste pandemiak ahaztu.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia