KOntraesan pertsonaletan erortzeko eskubidea aldarrikatzen badut lotsa izpirik gabe esan dezaket C. Tangana gogoko dudala nahiz eta feminista izan. Aitormen hau alde batera utzita, rapero madrildarraren kontzertua Aste Nagusiko programatik kanpo geratu izanak hainbat hausnarketarako bidea zabaldu du: Mugak jarri behar zaizkio adierazpen-askatasunari diskurtso matxista bultzatzen duenean? Diru publikoarekin kontratatu daitezke bere letrekin berdintasuna ezbaian jartzen duten artistak? Presio sozialak eraginda erakunde batek hitzarmen bat apurtzen badu zentsura sustatzen ari da? Iritzi asko entzun eta irakurri dira egunotan galdera hauek erantzun nahian. Eta baten batek hanka ere sartu du, Antón Álvarez abeslaria -hori da bere benetako izena- Las Vulpes taldeak bere garaian suposatu zuen transgresioarekin alderatuz eta betoaren kontra musikarien elkartasunari deituz. Feminismoak zerbait erakutsi baldin badigu aurrez ezarritako statu quo-a zalantzan jartzea da, eta, eztabaida ba-tzuetarako ez dagoela erantzun zuzenik. Orain arte, urtero, jaietako programazio ofizialean letra matxistadun abeslari edo talderen bat egon dela? Agian gauzak aldatzeko garaia heldu da, sentsibilizazioaren eskutik helduta. Edonola ere deigarria iruditzen zait Bilboko Konpartsetako hainbat txosnetan reggaetoia hain ozen entzutea. Gogoratu C. Tanganaren kontzertuaren kontra azaldu zirela. Nola jokatu kontraesan pertsonalak kolektibo izatera pasatzen direnean?

aaraluzea@deia.eus