Urteak dira, Gipuzkoako herri txiki batean, neska gazte batzuek izena eman nahi izan zutena herriko danborradan jotzeko. Antolatzaileak, neskei eder begitanduta, "zuek abanderada" agindu zien koadernoan izen-abizenak jasotzen zituen bitartean. Eta neskek ezetz. Beraiek ez zutela abanderada joan nahi; beraiek danborra jo nahi zutela, gainontzekoek bezala. Antolatzaileak, nesken eskaera burugabekotzat jota, harro egon beharko luketela erantzun zien "halako ohorearen aurrean". Neska haiek ez ziren danborradan atera urte hartan, ez eta hurrengoetan ere. Baina danborradak abanderada ederrak luzitu ditu urteak joan eta urteak etorri.

Kontua ez da, bada, bakarrik, berdintasunean parte hartzeko aukera (nahiz eta oinarria den), baizik eta baita ere parte hartze horren baitan generoari, eta horren baitan edertasunari, atxikitzen zaizkion bestelako rol edota balioak. Balio horiekin emakumeak zenbateraino "harro" edo "ez harro" sentitzen diren, balio horiek zenbateraino barneratuta dituzten eta objektu bilakatzen dituzten balio horiei jarraipena emateko zenbateraino dauden prest.

Herri txiki hartako neskek ez zuten danborradan jo. Baina argi erakutsi zuten ez zeudela prest agindu eta ikuspegi matxistaren menpe parte hartzeko. Neska ederrak ziren bai, baina batez ere, askeak. Eta gainontzeko emakume guztientzako (eta batez ere ederrak zirenentzako), erreferente. Ondotik ere egon ziren egoera hartaz baliatuz (eta konpetentzia gutxiagorekin) abanderadak ateratzen, noski. Baina, gertaera hartatik aurrera, jada ez zen "hain ohore handia" abanderada gisa ateratzea. Damoklesen ezpata izaki, abanderadek beren kontzientziak ezarritako galderari erantzun behar izan baitiote.