Ikasi dut, adibidez, helduok, gure eguneroko arazoetan konzentratuta, askotan galdu egiten dugula munduaren perspektiba eta ikuspegi globala. Haurrek, aldiz, begirada askoz ere zabalagoa izaten dute, oraindik mugatu gabea hein handi batean.

Horrela, nire alabak egiten dizkidan galdera gehienak ez dira bere familia edo eskola ingurunera mugatzen, haratago doaz. Adibidez, segundo ba- tzuk sabaira begira isilik igaro ondoren, bat batean esaten dit: "Orain Txinan ohetik jaikitzen ari dira" edo "Lurra mugitzen bada, zergatik ez gara zorabiatzen?"; edo "Adan eta Ebarena ezin da egia izan, ze orduan denok izango ginateke familia berekoak". Esan dezagun nire alabak inguratzen gaituen guztiaren handitasuna kontuan izanda egiten dizkiola galderak bere buruari, bere burua testuinguru askoz zabalago batean, are unibertsalago batean, murgilduta ikusten duela.

Erdi lo dagoenean eta hitz egiteari uzten dionean, ohetik jaikitzen naiz eta mesanotxeko argia itzaltzen diot. Orduan pentsatzen dut ez genituzkeela inoiz argi luzeak itzali behar, ez ginatekeela mugatu behar argi laburrekin ibiltzera, askotan egiten dugun bezala. Askotan gure burua kolonizatuta izaten baitugu eguneroko arazoekin eta hauek ez digute uzten haratago ikusten.

Munduko arazo handi guztiek, ingurumenaren arazo larria, adibidez, umeek duten begirada zabal hori eskatzen dute; argi luzeekin begiratzea, perspektibaz, askoz handiagoa den zerbaiten zati bat garela konturatzeko.

Daukagun arazo horretaz pentsatzen dugunean, irudikatu beharko genuke arazo hori unibertsoaren zabaltasunaren erdian. Honela, gure arazoa arazo izaten jarraituko luke, baina agian apur bat gutxiago zorabiatuko ginatekeen.