AUDI Arabian bukatu berri den futbol txapelketa horrek erakutsi digu berriro ere giza eskubideena Groucho Marxen printzipio haiek bezalakoak direla: ez bazaizkizu gusta-tzen, beste batzuk ditut; edo lasai, ez da ezer gerta-tzen, beste baterako utziko ditugu, nahieran. Espantuka aritu ziren batzuk hasieran, baina gero kontua ahantzi eta hedabideetan txapelketaren berri izan dugu ezer gertatuko ez balitz bezala. Esan daiteke eskandalu gehiago sortu dutela gure arteko probintziakeria batzuek giza eskubideen arazo astun horiek baino. Negargarriak eta aldi berean barregarriak izan dira batzuen zuriketa ariketak: Athleticeko presidenteari entzun nion Saudi Arabiakoa aukera paregabea zela "gure eredua" munduari erakusteko, azkenean onartu bazuen ere txin-txin-txin-txin-diruaren-hotsa tartean zegoela. Zale arruntek (horren iraultzaile aurkezten direnek, maiz) ere ez dute boikota edo horrelako zerbait antolatu. Aizu, futbolaz ari garela, mesedez.

Berriro ere argi geratu da giza eskubideen neurgailua dirua dela (ekonomia da, ergel hori!). Berdin dio herrialde horretan edo hartan giza eskubideak aintzat hartzen diren ala ez, dirua baldin badago tartean ezikusiarena egingo dugu guztiok gure eredua, gure enpresak, gure oporrak edo gure auskalo zer babesteko. Dirurik ez badago, aldiz, gaitzespenak baino ez.

Giza eskubideak galtzaile atera dira, eta haien aldeko aldarrikapen hotsandiko guztiak mesfidati entzungo ditugu, ez bagenituen aurretik nahiko eszeptiko entzuten. Pena da. Askok uste dute giza eskubideak betidanik daudela hor, baina egia esan, aurrekariak egon badaude ere, arras berriak dira. 1948ko abenduaren 10ean onartu zen Parisen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala; aurten, beraz 74 urte beteko dira, eta edonork daki 74 urte Historian ez dela asko. Aldarrikapena, gainera, loteslea den ala ez eztabaidatzen da oraindik herrialde askotan; hainbat lekutan, jakina, ez da legedi nazionalaren parte.

"1. atala: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela...". Buruz ikasi beharko genuke guztiok. Amets ezin ederrago hori beti izango da amets?